"Herritarren osasuna babestea, ongizate-politikak indartzea eta Gasteizko ekonomia babestu eta bultzatzea dira protagonista aurrekontuan". Horrela definitu du Gorka Urtaran alkateak eztabaidarako aurkeztu duen udal aurrekontua. Zenbakietan zehaztu duenez, 388.002.502 eurokoa da aurrekontu osoa (458.344.818 euro, udal-sozietateen eta erakundeen kontuak gehituz gero). Besteak beste, inbertsio publikoaren hazkunde handia nabarmendu du udal gobernuak: "34,4 milioi euro, iaz baino hamar gehiago".
Langileen gastuak alde batera utzita, hiru arlo nabarmendu dituzte gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrean onartutako aurrekontu proiektuaren baliabide ekonomikoen banaketan: Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza, 46,4 milioi eurorekin; Ogasuna, 44,4 milioirekin; eta Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak, 43,4 milioirekin. Ondoren datoz Mugikortasuna eta Espazio Publikoa, 31,8 milioi eurorekin, eta Udal Administrazioa eta Eraldaketa Digitala 28,8 milioi euro. Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren saila iazko aldean hazten direnetako bat da, 12,8 milioi euro izango baititu.
Inbertsioak atalez atal
2021erako aurrekontuan sartutako proiektuen artean, mugikortasun iraunkorrak inbertsio sorta zabala biltzen du, legegintzaldiko proiektu handiak garatzeko:
- Tranbia Salburura zabaltzea: 2.084.000 € (horiei 4.036.900 € gehituko zaizkie 2022 eta 2023 artean).
- Bus elektriko adimendunaren obrak amaitzea: 2020an sortutako diru-soberakinak erabiliko dira.
- BEAren karga-unitate funtzionala: 5.302.426 € (gehi 2020an sortutako soberakinei dagozkien 600.000 euro).
- Bizikleta azpiegiturak: 200.000 €.
Gasteizko auzoetarako aurreikusitako obretan ere egingo dira inbertsioak, agintaldian zehar kontzeptu horretan ehun milioi euro inbertitzeko konpromisoa betetzeko asmoz. Besteak beste, honako proiektu hauek nabarmentzen dira:
- Espazio Publikoaren Gida Plana: 4.500.000 €.
- Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko bigarren fasea: 1.000.000 € (1.200.000 € gehituko zaizkio 2022an).
- Superetxadiak ezartzea: 2.000.000 € (gehi beste 2 milioi euro 2022 eta 2023 artean).
- Santa Barbara plazako zamalanak lurperatzea: 1.200.000 €.
- Vitoria-Gasteiz Hobetuz: 1.450.000 €, herritarrek azken parte-hartze prozesuan hautatutako proiektuak osatzeko. Era berean, beste edizio bat jarriko da martxan, eta 2022an eta 2023an 1.500.000 euro bideratzea aurreikusten da.
Udal ekipamenduetarako inbertsioetan ere egingo da ahalegin ekonomikoa:
- Udal eraikinetako inbertsioak: 1.403.000 € (gehi 3.017.000 € 2022 eta 2023 artean).
- Mendizorrotzeko atletismo-pista berritzea: 1.000.000 €.
- Astronomo kaleko futbol-zelaia eraberritzea: 550.000 €.
- Principal antzokia eraberritzea: 320.000 €, eta 2022 eta 2023 artean inbertitu beharreko beste 5 milioi euro.
Ingurumen-politiketan, besteak beste, 2.545.000 euro aurreikusi dira Gardelegiko zabortegiaren aurrezigilatzerako, azpiegitura horren beharrei erantzuteko.
Enplegua sortzeko funts gehiago
Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren aurrekontua 12.894.957 euro izango da, aurten baino % 7,5 gehiago. Enplegua sortzera berariaz bideratutako partidak 6 milioi euro dira, hainbat programatan banatuta, hala nola Eskualdeko Enplegu Plana (ia 200 pertsona kontratatzea ekarriko du) eta Gazteen Enplegu Plana (70 gazteri lehen lan-esperientzia emateko).
Enplegua sortzera bideratutako partidak, 7,6 milioira iristen dira ( % 11,7ko igoera), eta merkataritzara, ostalaritzara, ikus-entzunezko sektorera, enpresak sortzera eta ekintzaileentzako beketara bideratutako laguntzak, milioi bat eurotik gorakoak (% 53,4ko igoera).
Gainera, plan ekonomikoak kontuan hartzen du Gasteiz turismo-helmuga gisa sustatzen jarraitu behar dela, eta horrek 1,2 milioitik gorako ahalegina eskatuko du. Aldi berean, aurrekontu-proiektuan 500.000 euroraino handitu da Via sozietatearentzako ekarpena, Forondako aireportua sustatzeko.
Gizarte arloa
Aurrekontua 43,4 milioi eurokoa da (langile-gastuak kontuan hartu gabe), behar handiena duten pertsonei eta familiei laguntzeko. Ildo horretan, adinekoen arloan, handitu egin da Etxean Laguntzeko Zerbitzurako partida, 12,4 milioiraino, eta Adinekoen Bulegoa irekitzea aurreikusi da (40.000 euro). Bulego hori 2021ean irekiko da, baita Berpizkundearen plazako eguneko arretarako zentroa ere, "adinekoek beren komunitate-ingurunean ahalik eta denbora gehien jarraitzerik izan dezaten".
Bestalde, aurrekontu-proiektuan %21 igo dira udal laguntzak, eta 4,8 milioi bideratuko dira pertsona ahulenei laguntzera. Horrez gain, 4,6 milioi euro gorde dira gizarte larrialdietarako laguntzetarako (GLL), eta jantoki publiko berri bat egitea aurreikusi da (59.711 euro) datorren urterako, Arkupeetan dagoen zerbitzua osatzeko. Familientzako laguntzen alorrean, babesgabetasun arin eta moderatuko egoerei laguntzeko programak aurreikusi dira: erresilientzia-programak 297.840 euro izango ditu, eta gizarte-hezkuntzako zentroenak, 1.375.000.
Udal zerbitzuak mantentzea eta indartzea
Kalitateko zerbitzu publikoek, orobat, leku handia hartzen dute aurrekontu-proiektuan, protagonista nagusi batekin: garbiketa eta hondakinen bilketa-, tratamendu- eta birziklatze-zerbitzua, horretarako 41.413.004 euro aurreikusi baitira.
2021erako egitasmo ekonomikoan presentzia handia duten beste zerbitzu batzuk honako hauek dira: garraio publikoa (TUVISAri 15.612.697 euroko ekarpen ekonomikoa egitea aurreikusten da), berdeguneak mantentzea (4.105.000 euro) edo jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko programak garatzea (5.166.513 euro).