Larrionen dimisioa "kontu pertsonala ez dela" uste du Gorka Urtaran alkateak, eta EH Bilduri azalpenak eskatu zizkion ostegun honetan. Horren aurrean, Miren Larrionekin gertatutakoaren aurrean hartu beharreko neurriak "azkar, erantzukizunez, koherentziaz eta proportzioz" hartu dituela ziurtatu du EH Bilduk, ostiral honetan plazaratutako ohar batean.
"Hortik aurrera, eremu pertsonaleko eta kargu publikotik eratorritako lanekin zuzeneko loturarik ez duten gertakari batzuen aurrean gaude, eta, Segurtasun Sailak jakinarazi zuen bezala, polizia-ikerketa sekretu baten aurrean, EH Bildu ez du horri buruz esandakoa baino gehiagorik esango", adierazi koalizio subiranistak.
Asteartean, hedabideei igorritako ohar batean, Segurtasun Sailak jakinarazi zuen ikerketa sekretua zela eta ez zuela horri buruzko xehetasunik emango. Ondoren, Lakuako Ertzain-etxeak bakarrik duen informazioari buruzko filtrazioak etengabeak izan dira. EH Bilduren ustez, "Segurtasun Sailak berak eman beharko lituzke azalpenak, eta neurriak hartu".
"Etekin politikoa"
Testuinguru horretan, egoeratik "etekin politikoa atera nahi" izatea leporatu dio EH Bilduk EAJri; baita "historia triste honen biktima baino ez den pertsonaren gainean zalantzaren itzala zabaltzeko estrategia abiatu izana" ere, EH Bilduko aholkulari eta Miren Larrionen lankideari erreferentzia eginez. Izan ere, azken egunetan, hainbat hedabidek zabaldu dute pertsona horrek salaketa kentzen saiatu zela ustezko lapurra nor zen jakin zuenean.
"Horretarako, Segurtasun Saila, Ertzaintza, bere gertuko komunikabideak, irrati telebista publikoa eta Gasteizko alkatearen irudia erabiltzeak alderdi horretako buruzagien traza moralaren neurria eman baino ez du egiten, baita erakunde publikoen erabilera zikina eta alderdikoia ere. Denak ez du balio politikagintzan, eta denborak, zalantzarik gabe, nor bere lekuan jarriko du", adierazi du EH Bilduk.
????️EH Bilduk Miren Larrionekin gertatutakoaren aurrean hartu beharreko neurriak azkar, erantzukizunez, koherentziaz eta proportzioz hartu ditu.
— EH Bildu Araba (@ehbilduaraba) February 26, 2021
DENAK EZ DU BALIO POLITIKAN, eta denborak, zalantzarik gabe, nor bere lekuan jarriko du.
????@ibontzioo pic.twitter.com/pJlwTa9OX6
Erreleboak
Halaber, EH Bilduk jakinarazi berri duenez, Xabi Ruiz de Larramendi izango Gasteizko EH Bilduko zinegotzia Miren Larrionen ordez. Bestalde, Felix Gonzalez izango da udal taldeko bozeramaile.
Xabi Ruiz de Larramendi Gasteizko EH Bilduko zinegotzia izango da.
— EH Bildu Gasteiz (@ehbildugasteiz) February 26, 2021
Bestetik, Felix Gonzalez (Gasteiz, 1964) izango da udal taldeko bozeramaile. pic.twitter.com/Q9Lf2uFfQM
Larrion auzia
Dena astelehenean hasi zen, Miren Larrionek, Gasteizko Udaleko bozeramaileak, aurkeztutako dimisioarekin, nortasuna ordezteagatik Ertzaintzak abiarazitako ikerketa baten ondorioz. EH Bilduk dimisioa onartu zuen, gertakariek koalizioaren "kode etikoa" urratzen zutelako.
Segurtasun Sailak asteartean baieztatu zuen Ertzaintza Larrion ikertzen ari zela, ustez banketxe batean kontu bat irekitzeko beste pertsona baten NANa erabiltzeagatik. ALEAk jakin duenez, Larrionek erabilitako nortasun agiria EH Bilduko beste kide batena zen; aholkularitza lanetan aritzen den kide horrek duela hilabete batzuk salatu zuen bere zorroaren desagerpena.
Nortasuna ordezteko ustezko delitua da Ertzaintza ikertzen ari dena. Zigor Kodearen arabera, delitu hori sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorrarekin zigortua dago.
Sekretupeko eginbideak
Azken egunetan hainbat hedabidek Larrion auziaren inguruko informazioak argitaratu dituzten arren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berak sekretupeko eginbideak zirela jakinarazi zuen asteartean bertan. Ofizialki, Ertzaintzaren edo Segurtasun Sailaren prentsa-zerbitzuen bidez ez dute horien berri emango, ezta inolako xehetasunik ere; hala ere, filtrazio ugari eman dira azken egunetan hedabide zehatz batzuetan.
Miren Larrionen azalpenak
Asteartean Twitter bidez argitaratutako ohar baten bidez, "une zail batean egindako akatsa" onartu zuen Miren Larrionek. "Dena lehenbailehen argitzea nahi dut, eta, horretarako, ireki den ikerketaren esanetara jartzen naiz", azaldu zuen. Ez zuen gertatutakoaren arrazoiak argitu, "guztiz pertsonalak" direla azpimarratuz, baina, "beharrezkoa bada", prozesu judizialean argituko ditu.
"Nire zergak behar bezala ditut eta ez dut betebeharrik saihestu", argitu zuen. Era berean, bere dimisioaren inguruko xehetasunak eman zituen: "Ez dut nahi nire akats pertsonalak EH Bilduri proiektu politiko gisa eragitea, ezta Gasteiz hiriari ere; ordezkari publiko gisa dudan erantzukizuna onartzen dut inolako aitzakiarik gabe".
Quiero aclarar los hechos que sobre mí se están difundiendo públicamente.
— Miren Larrion (@mirenlarrion) February 23, 2021
Quiero que todo se aclare cuanto antes, y para ello, me pongo a disposición total de la investigación que se ha abierto. pic.twitter.com/CsbOK65JIO