45. urteurrena

Martxoak 3 Elkarteak memoria osoa eta egungo borrokak aldarrikatu ditu

Erredakzioa 2021ko ots. 25a, 15:52

Andoni Txasko eta Nerea Martinez, Martxoak 3 Elkartearen prentsaurrekoan. / M3 ELKARTEA

1976ko Martxoaren 3ko sarraskiaren 45. urteurreneko ekitaldiak aurkeztu ditu Martxoak 3 Elkarteak. Estatuaren indarkeriaren biktimen diskriminazioaren aurrean, "memoria osoa" exijitu dute.

Ostegun honetan, Zaramagako M3moria Gunean, Martxoak 3 Elkarteak eskerrak eman dizkio "Gasteizko herri borrokalariari, 1976ko sarraskia 45 urtez salatu izanagatik eta 1976tik aldarrikatzen dituen justizia sozialaren balioak bizirik mantentzeagatik".

Gasteizko sarraskiaren 45. urteurrenaren atarian, Martxoak 3 Elkarteak martxan dituen lan ildo nagusien egoera baloratu du: alde batetik, zigorgabetasunaren aurkako borroka; bestetik, bazterketarik gabeko memoria integralaren aldeko dinamikak.

Horrekin batera, Martxoaren 3an bertan zein urtemugaren atarian antolatutako ekitaldien berri eman dute, horietan parte hartzeko deia zabalduz.

Biktimen elkarteak argi dauka: "45 urte eta gero, ez dugu Justiziarik lortu". Lehenik eta behin, "Espainiako zigorgabetasun ereduaren ondorioz" Argentinan irekitako prozesu judizialak eta hemen bultzatutako kereilek "blokeatuta" jarraitzen dutela ohartarazi dute. Baina, aldi berean, 45 urte hauetan "memoria lortzeko borroka bizirik" mantendu dela ospatu dute. "Martxoaren 3an gertatutakoa ez ahaztea lortu dugu, eta gure memorietatik ezabatu nahi izan zuten guztia oso presente egotea urtero: martxoaren 3an eta egunero. Orduko borrokak gaur egungo justizia sozialaren aldeko borroken oinarria izan baitira", azpimarratu dute.

San Frantzisko elizako memoriala

Joan den astean, erakundeek San Frantzisko elizan Martxoaren 3ko memoriala eraikitzeko asmoen protokoloa sinatu zuten. "Hau ere, urte hauetan guztietan zehar hainbeste pertsonen konpromisoaren eta lanaren fruitua da ospatu du Martxoak 3 Elkarteak, baina lehen urratsa besterik ez da, eta dena egiteke dago ireki berri den fase honetan".

"Orain, proiektuaren kudeaketa, espazioak eta edukiak zehaztu behar dira, baliabide ekonomikoak esleitu behar dira eta lan egutegi bat ezarri behar da", berretsi dute. "Martxoaren 3ko memoria langilea, feminista, antikapitalista, antifaxista... da, baina, batez ere, Gasteizko herri borrokalariarena da, memoria 45 urtez bizirik mantendu duen herriarena. Ez da iraganean iltzatutako borroka bat, borroka horrek bizirik jarraitzen baitu gaur egungo justizia sozialaren aldeko borroka guztietan".

Zigorgabetasun eredua

"Espainiako zigorgabetasun eredua, aldiz, ez da milimetro bat ere aldatu", salatu dute. "Estatuak ez du betetzen giza eskubideen arloko nazioarteko legeria. Eta jada ez da bakarrik justiziarako eskubidea oztopatzen duela, indarrean dagoen legerian ere diskriminazioa jasaten ari gara; autonomikoan zein estatu mailakoan".

Estatuaren indarkeriaren biktima guztiek tratu bera jasotzen ez dutela deritzo Martxoak 3 Elkarteak: "Hainbat hamarkadatan inposatutako estrategia ere egia osoaren eskubidearen aurka doa", salatu dute. Estrategia horren barruan kokatu dute Gasteizen irekitzekoa den Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa: "Estatuko aparatuek eragindako giza eskubideen dozenaka mila urraketa kontakizunetik kanpo geratu dira".

Horregatik, abenduaren 10ean aurkeztutako Memoria Osoa ekimenaren parte da Martxoak 3 Elkartea, Euskal Herri osoko dozenaka eragile memorialistarekin batera. "Bizikidetza eraikitzeko gure ekarpena egin nahi dugu, eta horrelako proiektuak bizikidetzaren aurka doazela uste dugu", azaldu dute. Martxoaren 4an Gasteizko Udalean izango dira ekimenaren nondik norakoak azaltzeko, egitasmoko beste kide batzuekin batera.

45. urteurreneko ekitaldiak

Azkenik, aurten antolatutako ekitaldietan parte hartzeko dei egin du Martxoak 3 Elkarteak, "baita egungo lan borroketan eta borroka sozialetan ere". Izan ere, elkartearen ustez, "1976ko sarraskiaren biktimei egin diezaiekegun omenaldirik onena gizarte bidezkoagoa, feministagoa eta berdinzaleagoa lortzeko borrokarekin jarraitzea da, Arabako enpresa eta kolektibo askok egiten ari diren moduan".

Gainera, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek deitutako manifestazioan, Jesus Fernandez Naves izango dute gogoan: "Gure inspirazioa izan da, eta izango da, bere konpromisoa 1976ko borroketan eta beste hainbat aldarrikapenetan".

Honako hauek dira Martxoak 3 Elkarteak parte hartuko duen ekitaldi eta deialdiak:

  • Otsailaren 25ean, 19:00etan Aldabe gizarte etxean: Memoria Gara ekimenak Galdutako denboraren bila dokumentala aurkeztuko du.
  • Otsailaren 26an: Etxeraten elkarretaratzea.
  • Martxoaren 2an: Martxoak 3 Elkarteak hitzaldi bana egingo du Zaramaga auzoko bi ikastetxe publikoetako ikasleekin: Odon de Apraiz eta Koldo Mitxelena.
  • Gasteiz 1976: Grebatik Sarraskira erakusketa:
    • Martxoaren 2tik 10era, Hizkuntza Eskolan (Mendizabala).
    • Martxoaren 13tik 31ra, Gasteizko Gaztetxean (hilabete osoan zehar burutuko den Zapalduon Memoria programaren barruan).
  • Martxoaren 2an, 17:00etan: Martxoaren 3an Luis Ziarrustak ateratako argazkien erakusketaren inaugurazioa, Zaramagako Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean (Gasteizko Taldearen kalea, 32).
  • Martxoaren 3an, 18:00etan: omenaldia monolitoan eta ondoren manifestazioa (ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek antolatua, Martxoak 3 Elkartearen parte-hartzearekin).
  • Vitoria 3 de Marzo filma ostiraletik (otsailak 26), gutxienez astebetez, zinema aretoetan izango da ikusgai.
  • Martxoaren 3an bertan elkarteko kideek parte hartzeko gonbidapena jaso duten beste ekitaldi batzuk:
    • 12:30 EH Bilduren omenaldia
    • 13:30 Gasteizko Kontseilu Sozialistaren omenaldia

Kanta berria

Azkenik, Handicap eta El Callejón de Cachán musika talde gasteiztarrek argitaratutako Tres del Tres kanta eta bideokliparen berri eman du Martxoak 3 Elkarteak, taldeei eskerrak emanez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago