Martxoaren 3ko memorialaren proiektua adostea eskatu du Memoria Garak

Mikel Buruaga 2021ko ots. 20a, 11:00

Memoria Gara egitasmoaren prentsaurrekoa Martxoak 3 plazan. / ALEA

Erakundeek sinatutako akordioa txalotu du Memoria Garak. San Frantzisko elizan Martxoaren 3ko memoriaren zentroa gauzatzeko ekarpena egingo du, baina proiektua zehaztea, baliabide ekonomikoak ematea eta lan egutegi bat ezartzea eskatu du.

"Gaur ospakizun eguna da, ezinezkoa zela esan ziguten eta hemen gaude. Baina hau lehen urratsa besterik ez da; orain proiektua definitu eta adostu behar da; baliabide ekonomikoak eman eta lan-egutegia ezarri", azpimarratu du Memoria Gara egitasmoak, larunbat honetan Martxoak 3 plazan egindako prentsaurreko jendetsuan.

Memoria Gara ekimena aurkeztu zenetik bi urte eta erdi igaro diren honetan, "pozik" agertu dira Josu Santamarina eta Nerea Martinez Aranaburuzabala bozeramaileak, egitasmoan parte hartzen duten pertsonekin batera, auzoko bizilagunekin, hainbat esparrutako erreferentziazko pertsonekin eta sindikatuetako ordezkariekin batera; horien artean, sindikatu guztiak daude: ELA, LAB, ESK, EILAS, UGT, CCOO, USO, CNT eta CGT.

Erakundeek eta Gotzaindegiak tenplua memorial bihurtzeko sinatutako intentzioen protokoloa "lehen urratsa" dela uste du Memoria Garak, eta akordioa txalotu egin du. Era berean, Asisko San Frantzisko elizan Martxoaren 3ari buruzko Memoriala lortzeko prozesuan ekarpenak egiteko erabakia hartu du: "Ez dugu prozesu horretan ekarpenak egitea ez den beste agertokirik aurreikusten", adierazi dute.

Horrenbestez, memoriaren zentroaren diseinuan eta kudeaketan Martxoaren 3ko biktimen zein Memoria Gararen parte hartzea bermatzea exijitu dute, "munduaren luze-zabalean antzeko beste memoria proiektu batzuetan egin den bezala". Gogorarazi dutenez, San Frantzisko elizan memoriaren gune bat sortzeko proiektua abenduan aurkeztu zuen Memoria Garak, eta eztabaidari ekiteko "oinarria" izan behar da hori.

Azkenik, Memoria Garak jasotako babesa eskertu du, lortutakoa "Martxoaren 3ko memoria ahanzturan ez geratzeko herri oso baten borroka nekaezinaren emaitza" dela azpimarratuz.

 

Akordioaren berri, prentsa bidez

Bestalde, Memoria Garak prentsaurrekoan azaldu duenez, joan den urtarrilaren 29an izan zuten inplikatutako erakunde guztien arteko lehen bilera; guztiek batera parte hartu zuten "lehena eta bakarra". Gainera, bilera horretara abenduan aurkeztutako proiektuaren dokumentua eraman zuen Memoria Garak.

"Orduan esan ziguten ziur zeudela Gasteizek Martxoaren 3ari buruzko memoriala izango zuela, eta guk lehen eskuko informazioa izateko konpromisoa hartu zuten", azaldu dute. "Prentsaren bidez jaso genuen hurrengo berria; komunikabide baten bidez izan genuen joan den ostegunean sinatutako akordioaren berri", deitoratu dute.

Aurrera begira, beraz, aurkeztutako proiektuan jasotzen zen oinarrietako bat nabarmendu dute, memorialaren edukiei berebiziko garrantzia emanez: "Martxoaren 3a ezingo da inoiz izan memoria jentrifikatzeko plataforma bat, ezta hiri-jentrifikaziorako plataforma ere. Ez dugu nahi eraikin huts bat den zentro bat, objektuz betetako edukiontzi huts bat; ezta langileen memoriak gogora ekartzen dituen aldarrikapen ametsak barnean ez dituen eraikinik ere".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago