Gasteizko Gaztetxea berriro zabalik izango da martxoan, memoria landuz

Erredakzioa 2021ko ots. 18a, 19:34

Azken hilabeteetan kanpora begirako jarduna etenda izan du Gaztetxeak. / ALEA

Indarberrituta itzuliko da Gasteizko Gaztetxea. Martxoaren 3tik 28ra bitartean antolatutako egitarauak memoria historikoa izango du oinarri, Zapalduon memoria lelopean. Jardunaldietan izena eman beharko da webgunearen bitartez.

Pandemiaren ondorioz eta Udaltzaingoaren azken esku-hartzearen ostean, Gasteizko Gaztetxearen jarduera mugatua izan da azken hilabeteetan. Baina indarberrituta itzuliko da martxoan, Zapalduon memoria lantzeko zortzi jardunaldi eta bi erakusketa antolatu baitituzte.

Covid-19a dela eta, edukiera mugatua izango da. Beraz, jardunaldi bakoitzean izena eman beharko da, Gaztetxearen webgune berriaren bitartez. Ekintza bakoitzaren izen-ematea ekintza bera baino astebete lehenago irekiko da.

Gainera, pandemiak eragindako ezohiko egoerak ohiko jarduna eraldatzera eraman du asanblada, eta osasun protokolo bat eratu dute.

 

Zapalduon memoria

Gaztetxea berrirekitzeko erabakiarekin batera, ohar bat plazaratu du Gaztetxeko asanbladak: "Pandemiak eta honen kudeaketa ankerrak gure bizitzak hankaz gora jarri ditu. Egoera latza denik ezin dugu ukatu, baina argi dago batzuok ondorio sanitario nahiz ekonomikoak jasaten ditugun bitartean, gutxi batzuk irabaziak eta boterea akumulatzen ari direla, errepresioa eta kontrola baliatuz", kritikatu dute.

Gogora ekarri dutenez, 2020ko urrian jasandako jazarpen poliziala eta Gaztetxea irekitzeko ziurgabetasuna izan dira, hain zuzen, azken hilabeteetan asanbladaren kanpora begirako jarduna eten izanaren arrazoiak. Hala ere, barrura begirako lanari eutsi diote, eta martxorako prestatu duten egitaraua "lan horren emaitza" da.

Horretarako, martxoan "esanahi berezia" duen gai bat hartu dute ardatz: memoria historikoa. "Memoria, oroimena edota historiaren errelatoa, oraina arrazoitzeko ariketa dela deritzogu", azpimarratu dute. Besteak beste, Gaztetxetik oso hurbil irekitzear den Terrorismoaren Biktimen Memorialaren proiektua arbuiatu dute: "Arma ideologiko gisa, boteredunek haien onurarako erabiltzen dutena: gatazkak desitxuratuz, iritzia sortuz eta borroka politikoak deslegitimatuz".

Azaldu dutenez, Gaztetxeko asanblada ere "interpelatuta" sentitu da "memoriaren instrumentalizazioarekin", eta gizartean zein asanbladan bertan "hutsuneak" identifikatu dituzte: "Historiaren inguruko ezagutza mugatua eta horri buruzko hausnarketa falta nabaritu ditugu", azaldu dute.

Horrela piztu da programazio berezi hori antolatzeko ideia, "memoria kolektiboari ale bat eskaini nahian". Beraz, martxoan zehar, "ezagutzak elkarbanatu eta eztabaida kolektiborako erraminta komunak ateratzeko espazio bat" irekiko dute Gasteizko Gaztetxean. "Erresistentzia ekintza da memoriari eutsi eta bizirik mantentzeko lan egitea", adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago