Arabako Bertsozale Elkartearen eta ALEAren eskutik, Andoni Egaña, Aroa Arrizubieta, Oihane Perea, Peru Abarrategi eta Irati Anda bertsolariak oholtza gainetik aritu dira Bideo-kopla Lehiaketaren lehenengo edizioan. Uxue Diaz de Cerio gai jartzaileak proposatutakoei erantzuna eman diete, eta Unai Mendibil eta Xabi Lasa izan dira laguntza lanetan.
Osteguneko 18:00etatik aurrera, dozenaka lagunek bete dute Jimmy Jazz aretoa, segurtasun neurri guztiekin.
Lehiaketa arrakastatsua
Araba osoko 14 urte arteko 1.000 partaidetik gora izan ditu ALEAk eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako bideo-kopla lehiaketak. Azken asteetan, bideo bidez, beraien sormena eta irudimena erakusteko aukera izan dute umeek, Gasteizko Udalaren Euskararen Astearen barruan antolatutako lehiaketan. "Ikasturte xelebrea" gai hartuta, bakarka, bikoteka, taldeka edo kuadrillan grabatu dituzte beraien buruak bertsotan.
Izugarria izan da lehiaketak lortutako arrakasta; izan ere, orotara, Arabako bazter guztietako 235 bideo baino gehiago jaso dira alea.eus webgunean.
Sari mordoa
Azken egunetan jasotako botoak kontuan hartuz, publikoak erabaki du Arabako bideo-koplarik onena zein den; hain zuzen ere, boto gehien jaso dituen bideoak irabaziko du publikoaren saria. Horrez gain, Arabako Bertsozale Elkarteko arduradunek epaimahai lana ere egin dute, eta Arabako kuadrilla bakoitzeko koplarik onena aukeratu dute. Aurrerantzean ere, bideo guztiak ikusgai izango dira ALEAren webgunean.
Asko izan dira sarituak eta sari ugariz gozatzeko aukera izango dute: Elkar megadendak eskainitako material sortak, Bakh izotz-pistan taldean aritzeko txangoa edo Laboral Kutxaren eskutik escape room esperientziaz gozatzeko aukera, besteak beste.
Bideoa Gabonetan ikusgai
Jimmy Jazz aretora bertaratzeko aukerarik izan ez dutenek, saioa online ikusteko aukera ere izan dute, streaming bidez eskaini baita. Gabonetan zehar, bideoa osorik izango da ikusgai. Ikuskizuna prest dagoenean ALEAren webgunean eta sare sozialen bitartez zabalduko dugu.