Bost lagun epaituko dituzte Talka espazio feministaren desalojoagatik

Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 08:00

Talka espazio feminista maiatzaren 15ean desalojatu zuen Ertzaintzak. / ALEA

Talka kolektibo feministak jakitera eman duenez, Adolfo Dominguezek bost auzokide epaiketara eramango ditu azaroaren 30ean, espazio okupatuaren maiatzeko desalojoaren harira. Elkartasun argazkia aterako dute astelehenean.

Gasteizko Alde Zaharreko bost bizilagun epaituak izango dira azaroaren 30ean, astelehenean, Talka espazio feministaren maiatzeko desalojoaren harira; usurpazio delitu bat leporatzen diete. Epaiketaren egun berean, elkartasun argazkia egiteko deialdia egin du Talkak, astelehenean, hilaren 30ean, 19:00etan Matxete plazan.

Gainera, Talkatik salatu dute desalojoa "agindu judizialik gabe" gauzatu zela, "elkartasuna eta salaketa ekiditen zituen konfinamendua baliatuz".

 

2019ko abenduan, gutxienez hamarkada bat hutsik zeraman Adolfo Dominguezen lokala okupatu zuten Talkako kideek. Epaiketa salatzeko plazaratu duten ohar batean azaldu dutenez, lokal hori okupatzea aukeratu zuten "Udalak Alde Zaharrean baimendu dituen ustelkeria, espekulazioa eta gentrifikazioa salatzeko" asmoarekin.

Gogora ekarri dutenez, Adolfo Dominguezek berak hainbat hedabidetan onartu zuen "haren mesederako tratua" lortu zuela Udalarekin, Alde Zaharreko lokal batzuen salerosketa adosteko. Hala ere, gaur egun ez dago salerosketa horren inguruko informazio publikorik, Udalaren jabetzako lokala bada ere; hala izanda, derrigorrezkoa litzateke Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratzea.

Azken hiru urteetan, Alde Zaharreko bi lokal okupatu ditu Talka kolektibo feministak: lehenengoa, Alava-Velasco jauregia, 2018ko abenduan; hura desalojatu ondoren, 2019ko abenduan, Hedegile kaleko 33. zenbakian sartu ziren.

"Auzoan bizi eta auzoa defendatzeko modu bat epaitzen ari dira, ez dagoelako auzoan bizitzerik auzoa defendatu gabe", adierazi dute. "Behar indibidualen aurrean erantzun kolektiboak bilatzen eta legezkotasun kapitalistatik at zilegitasunak eraikitzen jarraituko dugu".

Erlazionatuak

Auzodefentsa: auzoa defendatzen da

Erabiltzailearen aurpegia Talka kolektibo feminista 2020 aza 24 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago