2019ko abenduan, hamarkada bat baino gehiago hutsik zeraman lokala okupatu genuen, Hedegile kaleko 33. zenbakikoa, hain zuzen ere. Epaiketari aurre egin behar diogun honetan, gogora ekarri nahi dugu, berriro ere, lokal hori aukeratu izana ez zela kasualitatea izan: lokal horrekin eta beste hainbatekin Udalak Alde Zaharrean baimendu dituen ustelkeria, espekulazioa eta gentrifikazioa salatu nahi izan ditugu.
"Udalak Alde Zaharrean baimendu dituen ustelkeria, espekulazioa eta gentrifikazioa salatu nahi izan ditugu"
Badakigu lokal hori Adolfo Dominguezen denda bat izan zela, eta multinazional horren hasierako asmoa Korreria kalean sei denda zabaltzea zela, azkenean bakarrik bi zabaldu zituen arren. Kale horretan lokal huts ugari daudela ere badakigu, eta baita 90. hamarkadan Gasteizko Udalak Alde Zaharreko hainbat eta hainbat etxebizitzen desjabetzeari ekin ziola ere; bizilagunei merkatuaren balioaren azpitik ordaindu zien, gentrifikazio prozesu bati hasiera emateko. Auzoa batzuen etekin eta esplotazio ekonomikorako merkatu bihurtu nahi izan zuten garai horretan; eta, egun, berdina egitekotan daude, instituzioen laguntza izanik.
Salatu izan dugu lokal horren jabetza Adolfo Dominguezen eskuetara heldu zela oso modu susmagarrian; izan ere, Udalaren jabetzako lokala izatetik enpresari horren jabetzakoa izatera nola heldu zen ez da inon argitaratu. Eta badakigu salerosketa publikoen berri ematera behartuta dagoela Udala. Adolfo Dominguezek berak onartu zuen elkarrizketa batean tratu mesedegarria jaso zuela bere negozioa Alde Zaharrean ezartzeko: "Boluntarismo miresgarritzat" jo zuen Udalaren jarrera, eta lokalak "arrazoizko prezio" batean lortu zituela onartu zuen.
"Lokal horren jabetza Adolfo Dominguezen eskuetara oso modu susmagarrian heldu zen"
Ozen esan nahi dugu auzoan bizitzeko modu bat ere ari direla epaitzen. Bizilagunen arteko sareen, auzodefentsaren, auzoko espazio autogestionatuen eta beste abarren kontrako jazarpen polizial, juridiko zein mediatikoa etengabekoa den honetan.
Baina gurea ere bada etengabeko lanean eta ilusioan oinarritzen den antolakuntzarako apustua. Auzokideontzako bizigarriak diren bizitzen alde borrokatzeak, ustelkeriari, desalojoei eta espekulazioari aurre egitea dakarrela badakigu. Horregatik egin genuen legezkotasunetik at zilegitasunak eraikitzeko apustua, eta horretan dihardugu.
Guk auzokideon (etxe)bizitzak defendatzen jarraituko dugu, bizilagunon behar indibidualei erantzun kolektiboak emanez komunitate politikoa eraikitzen!
Auzoa(n) bizitzea epaitzen ari zarete, ez dagoelako auzoa bizitzerik auzoa defendatu gabe.