Talka proiektu feministak gune berri bat okupatu du

Erredakzioa 2019ko abe. 6a, 18:25

Talka espazio feminista berriaren irekiera. / Argazkia: @TalkaGasteiz
Otsailean, Udaltzaingoak Alaba-Belasko jauregian ezarritako gunea hustu zuen. Gaur, 18:00ak aldera, Gasteizko Alde Zaharreko Hedegile kaleko 33. zenbakia okupatu dute, "ataketatik elkarbizitza" defendatzeko.

2018ko abenduan sortu zen Talka, emakume talde batek Gasteizko Alde Zaharreko Alaba-Belasko jauregia okupatu zuenean, "espazio feminista" bat sortzeko. Bi hilabete beranduago, espazioa hustu zuen Udaltzaingoak.

"Bueltan gara: proiektu berdina, espazio berria". Hala iragarri dute Gasteizko espazio feminista berriaren okupazioa, Talkaren sare sozialen bitartez.

Astebeteko egitaraua antolatu dute, proiektuaren lehen okupazioaren lehenengo urtemugaren bezperetan.

Lokal berria, "etengabeko talka"

Espazio berriaren irekiera publiko egin bezain pronto, okupatutako lokalaren inguruko informazioa zabaldu dute Talkaren sare sozialetan eta "etengabeko talka" iragarri dute.

Talkako kideen arabera, okupatu duten lokalaren erreforma Gasteizko Udalaren diru publikoarekin ordaindu zen duela hamahiru bat urte. 2006. urtean, garai hartan Alde Zaharrean garatutako erreforma prozesuen barruan, lokal horretan Adolfo Dominguez markako denda bat zabaltzeko proiektua zegoela azaldu dute. Lokala konpondu zela, baina urte hauetan hutsik egon dela ere salatu dute.

Gaur egun 21 Zabalgunea den ARICH udal hirigintza agentziak bultzatutako prozesu horien ondorioz, Gasteizko Udalak zortzi milioi euro inbertitu zituela azaldu dute, 51 lokal erosteko. "2008an 178 lokal huts zeuden. 2012an 174. Eta gasteiztarron dirua?", galdetu dute Talkako kideek.

Bitartean, Alde Zaharreko "etxebizitzen degradazioa arazo larria" dela ohartarazi dute, Santo Domingo kalearen edo Aiztogile kaleko 79ko eraikinaren kasuak gogoraraziz.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago