Olarizu

"Udalak etxebizitza eskubidea bermatu gabe jarraitzen du; desalojoek egoera larriagotuko dute"

Erredakzioa 2020ko urr. 26a, 14:31

Astelehen honetan, Olarizuko bi etxebizitza botatzen hasi da Udala. / GASTEIZKO UDALA

Olarizuko blokeak eraisteko prozesua bizkortu du Gasteizko Udalak. Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak erabakia arbuiatu du: "Egoera are larriago batera bultzatu gaitu".

Iragan asteartean, urriaren 20an, Olarizuko 124 etxebizitza okupatuetako bizilagunak kanporatzeko jakinarazpenak banatzen hasi dela jakitera eman zuen Gasteizko Udalak, PPrekin egindako akordioaren ostean. Horrela, Olarizu Ibilbideko blokeak eraisteko prozesu administratiboari ekin dio, eta bizilagunek hamar eguneko epea izango dituzte helegiteak aurkezteko.

Sei egun beranduago, astelehen honetako lehen orduan, Olarizuko bi etxebizitza bloketako barrukoak botatzen hasi da Udala, "inork ez baliatzeko moduan uzteko". Bi atari horiek hutsik zeudela baieztatu ondoren, barruko paretak eraitsi dituzte.

Etxebizitza eskubidea

Udal Gobernuaren pasa den asteko bileraren ostean, Gorka Urtaran alkateak prozesua burutzeko determinazio irmoa adierazi zion Gasteizko gizarteari: "Ez naiz geldituko okupak bota arte eta etxebizitzak Udalarentzako berreskuratu arte".

Prozesua abiada bizian garatzen ari da, baina Gasteizko Etxebizitzaren aldeko eta Gizarte Bazterketaren kontrako Ekimenak desalojoak eta Udalaren "jardun arduragabea" salatu du: "Gasteizko udalak etxebizitza eskubidea bermatu gabe jarraitzen du, eta desalojo berrien iragarpenarekin egoera are larriago batera bultzatu gaitu".

"Alkateak egindako adierazpenetan 124 etxebizitzaren inguruan hitz egin du, baina ez du etxebizitza hauetan bizi diren bizilagunak ia aipatu ere egin; ez ditu pertsona hauen beharrak eta eskubideak aintzat hartu". Ekimenak "oso larritzat" jo du etxebizitzaren premiazko egoeraren aurrean, "beharrezko neurriak hartu beharrean arazoa larriagotzeko pausoak baino ez ematea; egoera larriagotu besterik ez du egiten". Gainera, prozesua "harrotasunez" defendatu izana leporatu diote Udalari.

"Zertarako erabiltzen ditu etxebizitzak Udalak? Gasteiztarron etxebizitza eskubidea defendatzeko edo enpresa pribatuen negozioak hauspotzeko?", galdetu dute. Gogora ekarri dituzte instituzio publikoek bultzatutako etxebizitza eta lursail publikoen salmentak. Adibidez, martxoan, Vitalquilerrek Babes Ofizialeko 500 etxebizitza saldu zizkion Suediako putre funts bati. Duela hilabete eskas, 21 Zabalguneak berak 2010ean saldutako lursail batzuk erosi zizkien hainbat enpresa sustatzaileri, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. "Agerian da, beraz, helburu sozialak izan beharko lituzketen etxebizitza eta lurren pribatizazio prozesu baten aurrean gaudela", adierazi dute Etxebizitzaren aldeko eta Gizarte Bazterketaren kontrako Ekimeneko kideek.

"Egoera honen aurrean gure kezka adierazi nahi dugu, eta Udalari exijitzen diogu behingoz etxebizitza eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan, Gasteizen inor ez dadin kale gorrian bizi".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago