24 milioi euroko balioa duten lursail batzuk berrerosiko ditu Gasteizek

Erredakzioa 2020ko ira. 30a, 11:30

Gasteizko lursail ugari hamar urte baino gehiago geldirik egon dira. / GASTEIZKO UDALA

2009tik geldirik dauden lursail batzuk berrerostea adostu du 21 Zabalguneak zortzi eraikuntza-enpresarekin. Operazioak EAJ, PSE, PP eta Elkarrekin taldeen aldeko botoak izan ditu, baina EH Bilduk "oso kaltegarria" dela ohartarazi du.

21 Zabalgunearen kontseiluak "historiko" gisa aurkeztu du gaur onetsi duen akordioa: Larrein eta Aretxabaleta-Gardelegiko lursail batzuk 24 milioi euroko balioa dutenak berrerosiko ditu; babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko helburua zuten arren, hamarkada batez geldirik egon dira.

Horrela, 13. eta 19. sektoreetako lursailak berrerosi eta lehiaketa publiko baten bidez salduko dira. EAJ, PSE, PP eta Elkarrekin udal taldeen aldeko botoek ahalbidetu dute operazioa. Udalak azaldu duenez, UNECA patronalaren bitartez zortzi eraikuntza-enpresarekin lortutako akordioak 24 milioi eurotik gorako irabaziak ekarriko dizkio 21 Zabalgunea udal sozietateari.

21 Zabalguneko zerbitzu teknikoek azaldu dutenez, akordioak urte askotan ezin konponduriko arazo bat desblokeatzeko balio du: "Formula horren bidez, lursailen jabetza udal sozietatearen eskuetara itzultzen da, eta sozietateak aukera du horiek esleitzeko beste prozesu batzuk egiteko, aurrekoez bestelako baldintzetan".

Horrez gain, udal taldeen arteko akordioaren arabera, lursailen salmentatik lortzen den dirua hiriko auzoen biziberritzea sustatzeko erabiliko da, Elkarrekin taldeak proposatuta.

Hamarkada bat geldirik

2009an eta 2010ean, lursail horien jabeek kontratu bat itxi zuten 21 Zabalgunearekin, 13. eta 19. sektoreetan Larrein eta Aretxabaleta-Gardelegi, hurrenez hurren lurrak erosteko. Udalak azaldu duenez, garai hartan ordaindu beharrekoaren zati bat aurreratu zuten: 3 milioi euro baino gehiago.  Lursailak saltzen direnean, kopuru hori interesik gabe itzuliko zaie.

EH Bildu: "Akordioa oso kaltegarria da"

EH Bilduk ez du akordioa babestu, "oso kaltegarria" dela uste duelako. "Urtaranen gobernuak adreilua pertsonen aurretik" jartzen duela salatu dute, eta iragarritako baldintzek "enpresari talde baten interesak datozen urteetarako udal-hirigintza politika bihurtzen" dituztela.

Akordio proposamenak bi aldeen "ez-betetzeak" aipatzen ditu, eta ustezko "zor" bat egozten dio 21 Zabalguneari, baina EH Bilduk gogor kritikatu du hori: "Zergatik itzuli behar zaizkie orain abalak enpresei kontratuaren baldintzak bete ez badituzte? Enpresa horiek lursail batzuk erosi zituzten, etxebizitzak eraiki eta etekina ateratzeko. Hamarkada bat geroago, inbertitutako diru guztia berreskuratzen dute, proiektuak gauzatu gabe".

Bestalde, udal talde subiranistak akordioaren konfidentzialtasun klausula salatu du: "Hitzarmenen konpentsazio ekonomikoei eta hirigintza ondorioei buruzko informazio guztia kendu nahi die herritarrei".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago