Olarizuko etxebizitza okupatuetako bizilagunei desalojoa jakinarazten hasiko da Udala

Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 10:40

Olarizu hiribidean okupatutako 124 bat etxebizitza daude gaur egun. / ALEA

PPrekin egindako akordioaren ostean, Gasteizko Udala Olarizun okupatutako 124 etxebizitzetako familiak kanporatzeko jakinarazpenak banatzen hasiko da, eta, horrela, eraisteko prozesu administratiboari ekingo dio.

Udal gobernuak okupatutako etxebizitzetako bizilagunak kanporatzeko PPrekin egindako akordioa onartuko du astearte honetan; horren ondoren, martxan jarriko da Olarizuko etxebizitzak eraisteko prozesu administratiboa.

Udalaren arabera, izapide erabakigarria da Olarizu hiribideko hainbat etxebizitza okupatu dituzten auzokideak kanporatzeko eta eraisteko proiektuari ekin ahal izateko. Izan ere, bide penalak porrot egin ostean, estrategia administratibo berri bat abiatzeko helburua du Urtaranen gobernuak, PPrekin lortutako itunaren ostean.

21 Zabalguneak amaitutzat eman zuen pisuak kudeatzeko ardura, eta bere aurrekontuan egokitzapen ekonomikoak egin zituen. Hortaz, Udalak blokeen titulartasuna eskuratuko du; mugimendu horren bitartez, bizilagunei jakinaraziko zaie etxebizitzak husten hasiko direla.

Eraisteko proiektua

Bizilagun guztiak identifikatu gehienak irailean egin dira eta jakinarazpenak egin ondoren, okupatutako 124 etxebizitzetako bizilagunek hamar eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko. Epe hori amaitutakoan, jabeak Gasteizko Udalak etxetik kanporatu ahal izango ditu. Hala ere, Udalak azaldu duenez, kaleratzea egin aurretik irekita izango ditu udaleko gizarte zerbitzuak, "zaurgarritasun ekonomiko handieneko kasuak aztertzeko".

Titulartasuna berreskuratu eta etxebizitza horiek hustu ondoren, Udalak eraisteko proiektua gauzatu ahal izango du. 21 Zabalguneak plana idatzi du dagoeneko: 1,1 milioi euroko kostua izango du, eta bost hilabete inguruko epea izango da lanak gauzatzeko; data zehaztu gabe dago oraindik.

"Prozesu konplexua" dela adierazi du Gorka Urtaran alkateak: "Baina Gasteizko gizarteari jakinarazi nahi diot ez dudala etsiko okupak bota eta etxebizitzak Udalarentzat berreskuratu arte".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago