Vitalquilerren 500 etxebizitza "putre funts" baten esku gelditu dira

Erredakzioa 2020ko api. 8a, 13:24

Babes ofizialeko 500 etxebizitza erosi ditu Catella funts suediarrak. / VITALQUILER

Vitalquilerrek Salburua eta Zabalgana auzoetan dituen 500 etxebizitzen jabe berria jatorri suediarreko inbertsio funts bat dela konfirmatu da.

Kaleratzeak Stop plataformak azken hilabeteetan salatutako egoera baieztatu du Vitalquilerrek, maizterrei helarazitako gutun batean.

Otsailean kezka agertu zuen kaleratzeen aurkako plataformak, Maria Concepcion Fernandez Etxebizitzako lurralde-ordezkariarekin izandako bileraren ondoren; hitzarmena amaitzean funtzio sozial bat betetzeari utziko ote zioten beldur zen Kaleratzeak Stop Araba.

Izan ere, plataformak ohartarazi zuen Donostian edo Iruñean antzeko kasuak ematen ari zirela, eta Kutxabankek -etxebizitza horien jabe nagusietako bat- jabetza osoa edo zati bat "putre funts bati" saldu nahi ziola adierazten duten zantzuak antzeman zituzten.

Catella funts suediarra

Apirilaren 7an, Vitalquilerreko maizterrek zirkular bat jaso dute; bertan, alokairu babestuko parke publiko osorako Eusko Jaurlaritzak onartutako exonerazio akordioaren berri eman du.

Baina zirkularrean informazio gehiago ere badago: etxebizitza horien jabe berria Catella ERF Vitoria S, S.L. bihurtu da, egoitza Madrilen duen eta Catella AM sozietateari lotuta dagoen sozietatea; azken hau Catella funts suediarraren ondasun higiezinetako inbertsioen kudeatzailea da. Funts honen akziodun nagusia Claesson & Anderzen Group da.

Kaleratzeak Stop Arabak ohartarazi du Suediako inbertsio funts honek 2.000 etxebizitza baino gehiago kudeatzen dituela Espainiako estatu osoan: Katalunian, Madrilen, Valentzian, eta orain baita Araban ere.

Suediako inbertsio funtsak erositako 500 etxebizitzak Vitalquilerrek sustatutako blokeetan daude, Salburua eta Zabalgana auzoetan. 2008tik alokairurako Babes Ofizialeko Etxebizitza kalifikazioa dute, eta Etxebizitza Sailaren eta Vital Fundazioaren artean sinatutako hitzarmenaren arabera, 15 urteko epean etxebizitza horiek alokairu babesturako izan beharko lirateke.

Etxebizitza Sailak jakinarazi duenez, inbertsio funtsak alokairu eskuragarriko etxebizitzak 2033ra arte mantentzeko konpromisoa hartu du; hau da, 2008an sinatutako hitzarmenean ezarritakoa baino hamar urte gehiago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago