Jimmy Jazz martxan, kulturak herria salba dezan

Mikel Buruaga 2020ko eka. 4a, 13:50

Asteburu honetako EHan Sortua jaialdiaren ostean, streaming bidezko kontzertu gehiago iragarri ditu Jimmy Jazz aretoak ekainerako: 14an Izaki Gardenak arituko da oholtza gainean; eta 18an The Dealers eta Red Iron Squad.

Jimmy Jazzek aukeratutako leloak argi deskribatzen du kulturaren, eta bereziki zuzeneko musikaren etorkizun hurbila: Kulturak bakarrik salba dezake herria. Ostegunean eskainitako agerraldian, Gasteizko areto honetako lantaldeak indarrak batu ditu hainbat musika talderekin eta Hala Bedirekin.

Aretoko bazkide Iker Arronizek hartu du lehenengo hitza, sektorearen egoera azaltzeko eta asteburu honetan aurrera eramango duten EHan Sortua jaialdiaren nondik norakoak azaltzeko. Ondoren, jaialdiaren antolakuntzaren parte den Hala Bediko Amaia Lasagak hitz egin du, elkartasun ekonomikoa eskatzeko.

Eta, azkenik, kontzertu sortan parte hartuko duten Izaki Gardenak taldeko Jon Basagurenek eta Red Iron Squad taldeko Dani Pereak hartu dute hitza, osasun krisian musikariek bizi duten egoera azaltzeko.

Pandemia osteko kanpainaren bideoa aurkeztu dute agerraldian. / @JimmyJazzGz

Kulturak bakarrik salba dezake herria

Jimmy Jazz Gasteiz aretoak antolatzen duen lehenbiziko streaming jaialdia da EHan Sortua. Orain dela bi aste Kataluniako Estraperlo aretoan egin zen Fem d'aqui festibalaren bigarren atala dela azaldu du Iker Arronizek: "Gure asmoa horrelako ekitaldi baten atzean dauden norbanako guztiak ikustaraztea da: kontzertuan jotzen duten musikariengandik hasi eta ekitaldia gorpuzten duten teknikari, manager, langile, promotore, komunikazio arduradun eta, nola ez, publiko guztia", azaldu du.

Sektorearen egoerarekin oso kezkatuta daude Jimmy Jazzen: "Kultura alorreko sektore zein kolektibo guztiak errotik jotzen dituen egoera larria da hau". Jendarteak kultura aldarrikatzen duela, eta "nola edo hala" kulturak aurrera egingo duela argi du Arronizek. "Kontzertu aretoak kultura eskaintzen duten guneak dira eta aurkitzen diren hirietako balore sozial, ekonomiko eta kulturalak bultzatzen dituzte", gaineratu du.

Azaldu duenez, kontzertu aretoetan segurtasun neurriak bermatzen dituzten kultur ekitaldiak antolatzeko gai dira, eta horren alde lanean ari dira. Baina horretarako beharrezkoa ikusten dute instituzioekin elkarlana eta "anbiguetaterik gabeko" komunikazioa. "Ahalik eta azkarren, eta baldintza egokietan" irekitzeko aukera izatea premiazkoa dela deritzote.

"Gure ustez, mundu mailako egoera anker honi aurre egiteko modua kultura da", diote, eta horren harira, Kulturak bakarrik salba dezake herria lelopean, streaming bidezko kontzertu sorta bati hasiera emango dio Jimmy Jazzek ekainean. "Ez dugu helmuga zehatzik baina martxan gara", azpimarratu dute, eta hauek izango dira hurrengo hitzorduak:

  • Ekainak 6, larunbata, 17:00etan: EHan Sortua. Brigade Loco, The Guilty Brigade, Rotten XIII eta Arkada Social.
  • Ekainak 14, igandea, 21:00etan: Izaki Gardenak
  • Ekainak 18, osteguna, 21:00etan: The Dealers eta Red Iron Squad.

Hemendik aurrera, informazio guztia eskainiko dute Jimmy Jazz zein Arabaturen web orrialdeetan.

Elkartasun ekonomikoa

Hala Bediko kide Amaia Lasagak duela 37 urte sortutako komunikabidearekiko elkartasun ekonomikoa eskatu du, "Arabako errealitatea ahots propioz" kontatzen jarraitzeko. Kulturak bakarrik salba dezake herria kanpainaren barruan, borondatezko ekarpenak egiteko aukera ireki dute GoFundMe plataforman, eta bildutako dirua Hala Bediren, Jimmy Jazzen, lan egingo duten teknikarien eta taldeen artean banatuko dute.

Osasun krisiak gogor kolpatu ditu herri komunikabideak eta herri mugimenduko eragileak. Izan ere, aurten, Hala Bediren eta beste hainbesteren diru iturri nagusiak bertan behera geratu direla azaldu du Lasagak: txosnak, azokak, ikuskizunak...

"Baina ez dago gure lana zapuztuko duen birusik, txertoa aspaldi aurkitu genuelako: halabelarriak", adierazi du, eta jaialdiaren harira bildutako diruaz gain, Hala Bediren bazkide egiteko edo ekarpen ekonomiko puntual bat egiteko gonbitea luzatu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide