Gasteizko Jimmy Jazz aretoa martxan da berriro ere, eta ezohiko egoera balitatuko dute EH-an sortua streaming bidezko musika jaialdia egiteko. Ekainaren 6an, 17:00etatik aurrera, lau talde arituko dira oholtza gainean: Arkada Social (Arrasate), Rotten XIII (Tafalla eta Larraga), Brigade Loco (Bergara, Hernani eta Deba) eta The Guilty Brigade (Iruñea).
"Kriston gogoa geneukan berriz lanean jartzeko, eta baita monoa ere", azaldu du Jimmy Jazz aretoko lantaldeak ohar batean. Benetako zuzenekoek oraindik "apur bat" itxaron beharko dutela aurreratu dute, baina berotzen joateko jaialdi hau prestatzen hasiak dira.
Borondatezko aportazioak
Zuzeneko streaminga jarraitzea doakoa izango da, Jimmy Jazzen inguruko hainbat sare sozialetan; zabalpenean parte hartuko duten talde, enpresa, hedabide eta bestelakoen zerrenda luzea da: Jimmy Jazz, Mauka, Hala Bedi, Gasteiz Calling, Barna & Roll, Panda Artist, Musika Zuzenean, Hamaika Telebista, Arkada Social, Rotten XIII, Brigade Loco, Guilty Brigade, Crim, Inquisicion, Deadyard, Street Sound Fest, Baxerri Diseinua eta Produkzioa, HFMN Crew eta Estraperlo.
Baina, bide batez, osasun krisiak eragindako galera ekonomikoak arintzeko borondatezko aportazioak egiteko aukera zabalduko dute. Bildutako dirua Hala Bediren, Jimmy Jazzen, lan egingo duten teknikarien eta parte hartuko duten lau taldeen artean banatuko dute.
"Kulturak bakarrik salba dezake herria"
Musika jaialdiaren sustatzaileek argi daukate: "Kulturak bakarrik salba dezake herria; ikuskizunak aurrera jarraitu behar du". Momentuz, data gordetzeko eskatu diete punk-rockaren tenplu honetako jarraitzaileei, eta datozen egunetan informazio gehiago emango dutela iragarri dute.
Arkada Social
Brigade Loco
The Guilty Brigade