Bafleen burrunba martxoaren 7an entzun zen azken aldiz Gasteizko gautxorien tenplu honetan. Jamaikako soinuak oholtzaz jabetu ziren, Maeztuko Trikoma Banda eta Iruñeko Skabidean taldeen eskutik.
Biniloen dantzarekin borobildutako gauak ajeari bidea utzi zion. Arabako eskolen itxierarekin hasi zen astea, eta, astebururako, borondatez ixteko erabakia hartu zuten hiriko ostalari gehienek. Covid-19aren osasun krisia iritsia zen, eta astelehenarekin batera, baita konfinamendua ere.
Jimmy Jazz eta Kubik aretoetako bazkide Iker Arroniz Nazabal (Gasteiz, 1976) ALEArekin izan da. Konfinamenduaren ondorioez gain, EHan Sortua streaming bidezko kontzertuarekin ireki duten bide berriari buruz ere hitz egin du; baita laguntza ekonomikoa eskatzeko abiatu duten kanpainaren inguruan. Kulturak bakarrik salba dezake herria leloa erabili dute, baina, herriak bakarrik salbatuko ote du kultura?
Ekainaren 6an, 17:00etatik aurrera, lau talde arituko dira oholtza gainean: Arkada Social, Rotten XIII, Brigade Loco eta The Guilty Brigade. Hurrengo asteetan beste talde batzuek hartuko dute lekukoa: momentuz, ekainaren 14an, Izaki Gardenak; eta ekainaren 18an, The Dealers eta Red Iron Squad.
Gertatu den guztia espero zenuten?
Beste edonork bezala, ez genuen pentsatzen gertatu dena gertatuko zenik. Eta gertatu zenean gehienez hamabost eguneko zerbait izango zela uste genuen. Lehenengo egunetan datak aldatzen hasi ginen, baina ez genuen espero hainbeste luzatuko zenik. Gauzak benetan gaizki jartzen hasi zirenean ikusi genuen pilo bat luzatuko zela... Gaur arte.
Kolpea handia izan al da?
Bai, aretoentzako bai. Kubik eta Jimmy Jazzeko langileak aldi baterako lan erregulazio espedientean daude, eta, beraz, nolabaiteko babesa badago, langileei dagokionez. Baina aretoak oso garestiak dira, eta gastu finko oso garestiak ordaindu behar dira: alokairua, amortizazioak… Bi hilabete eta erdi itxita egoteak kristoren zulo ekonomikoa eragin du.
"Bi hilabete eta erdi itxita egoteak kristoren zulo ekonomikoa eragin du"
Aretoetatik harago, nola eragingo dio musikaren munduari?
Musika taldeak aurreko normaltasunera itzuliko balira, agian ez legoke arazorik egongo. Baina uste dut, egoera honetan, behean dauden taldeek aukera gutxiago izango dituztela, eta goian daudenak, talde potenteenak, gehiago. Erdibidean, profesionaltasunaren eta amateurraren artean mugitzen diren taldeek ere sufrituko dutela uste dut. Oro har, gauzak urtebete atzeratu dira, eta 2020 hilda egongo da plazaratzen den musikari dagokionez. Aurrera begira, gainera, baliabideak urriagoak izango dira, eta jende gutxiagorengana iritsiko dira laguntzak, aukerak eta abar.
Nola egin diozue aurre ezohiko egoerari?
Alde batetik, lokala txukuntzeko aprobetxatu dugu, eta alokairua arintzea negoziatu dugu jabeekin. Bestalde, kontzertuen datak aldatzen eta atzeratutako kontzertuen sarrerak kudeatzen ibili gara, eta nahiko lan neketsua izan da.
"2020 hilda egongo da plazaratzen den musikari dagokionez"
Berrirekiera prestatzen hasi zarete?
Deseskalatze prozesuari dagokionez, momentuz ez dago zuzeneko musika aretoen inguruko informaziorik, ezta datarik ere; beraz, ezin dugu itzulera prestatzen hasi. Asko hitz egiten da segurtasunari buruz, baina ez dago leku handietan aplikatzeko inolako protokolorik. Gainera, denok dakigu zer nolako nahasmena egon den tabernekin, eta ez dugu zurrunbilo horretan sartu nahi.
Bitartean, EHan Sortua streaming bidezko kontzertua antolatu duzue asteburu honetan.
Gasteiz Calling bazkide batekin elkarlanean antolatzen dugu, Badalonako Estraperlo aretoko Davidekin. Eta berak izan zuen ideia, zuzeneko musikaren sektorean gauden eragile gehienak, taldeak, teknikariak, aretoak, hedabideak… ikusarazteko, eta dena kontzertu baten inguruan batzeko. Polita iruditu zitzaigun, eta aretoak dituen baliabideekin aurrera eramatea erabaki genuen.
Zer moduz joan dira prestaketa lanak?
Egunotan ikusi ditugun antzeko proposamenetan sektoreak berak egunerokotasunean erabiltzen dituen baliabideak, teknikariak eta lekuak ez zeuden ordezkatuta. Arlo bisualean dabiltzan enpresak dira, telebistan zentratuagoak, udalen eta aurrezki kutxen laguntzarekin. Gure baliabide urriekin forma eman nahi izan diogu, eta bi aste eman ditugu probak egiten, gauzak aurreratzen, elkarrizketak egiteko platoa prestatzen... eta dena antolatzen. Lortu dugula uste dut.
"Pasa den astera arte, uztailean irekitzea aurreikusten genuen"
Babes ekonomikoa eskatu duzue ere…
Streaminga jarraitzea doakoa izango da Jimmy Jazzen inguruko hainbat sare sozialetan, eta Hala Bediren laguntzarekin. Helburua jende horren guztiaren lana ikusaraztea da, baina laguntza ere eskatu nahi dugu: borondatezko ekarpenak egiteko aukera ireki dugu GoFundMe plataforman, eta, horrekin batera, taldeen eta aretoaren merchandising materiala saltzen ari gara. Bildutako dirua Hala Bediren, Jimmy Jazzen, lan egingo duten teknikarien eta taldeen artean banatuko dugu.
Ziurgabetasun handia dago ekitaldi kulturalei eta aretoei dagokienez. Zeintzuk dira aurreikuspenak?
Pasa den astera arte gure aurreikuspena zen uztailean irekitzeko aukera izango genuela, baina azken berrien ostean, berriro standby batean gelditu gara. Kontzertu aretoak edukieraren heren batekin ere irekitzea debekatu egin dute hirugarren fasean. Beraz, une honetan, ez daukagu inolako aurreikuspenik. Areto batzuek aurreratu dute irailera arte ez dutela irekiko, borondatez, baina besteok ez dakigu ezer. Gainera, gauza bat da irekitzea, eta beste gauza bat kontzertuak antolatzea; kasu honetan askoz zorrotzagoak dira aurreikuspenak.
"Kultura deseskalatzearen bigarren plano batean geratu da"
Kulturari merezi duen garrantzia eman al zaio deseskalatzean?
Hasieran, kulturaren esparrutik esan genuen: "Tira, bigarren maila batean geratuko gara, osasun kontu bat dela ulertzen dugu, zaindu beharreko gauza bat". Baina, azkenean, kultura bigarren mailan geratu da guztiz. Ez du zentzu handirik gertatzen ari denak: artistentzako laguntzak iritsi zirenerako artista guztiak jarduerarik gabe zeuden jada.
Zer bota duzue faltan?
Aretoei edo enpresei dagokienez, ez da ezer hitz egin kostu finko guztiez, azpiegitura horiek guztiak mantentzeaz eta abar. Eta jaialdiekin gauza bera: Europako beste herrialde batzuetan ibilbide-orri bat eman zaie, 18 hilabeteko epea sarrerak itzultzeko, hasieratik esan zitzaien gauzak datorren urtera arte atzeratzeko... Hau da, dena behar bezala bideratu da hasieratik. Eta hori guztia ez da hemen gertatu. Salduta gaude. Salduta ez, hurrengoa. Eta ikusiko dugu zer gertatzen den erakundeetako kultura-aurrekontuekin. Argi dago kulturak behar duen laguntza guztia jendartetik, herritik iritsiko dela, eta ez erakundeetatik.