San Prudentzio 2020

Gasteizko Danborradak bat egin du Bateraren deialdi herrikoiarekin

Erredakzioa 2020ko api. 20a, 16:26

Tailer eta entsegu telematikoak antolatu ditu Batera zaintza sareak. / BATERA

Aurtengo Gasteizko Danborrada ofizialaren antolatzaileek Batera zaintza sare herritarrak deitutako danborrada herrikoiari babesa adierazi diote. Astebete falta da, eta dagoeneko martxan dira tailer eta entsegu telematikoak.

"Hurbiltzen ari dira arabar eta gasteiztar guztiok San Prudentzio zaindariaren jaia ospatuko genukeen egunak, baina Covid-19aren konfinamendu egoera dela eta, gure etxeetatik egin beharko dugu", azaldu dute 2020ko Gasteizko Danborradaren antolatzaileek ohar baten bidez.

Hori dela eta, Batera zaintza sare herritarrak balkoietatik egingo duen danborrada herrikoiaren alde egin du Gasteizko Danborrada antolatzen duen elkarteak, "guztiok bat eginda parte har dezagun une zail hauetan, eta guztiok bat egin dezagun".

Gainera, adinekoak eta "hain gaizki pasatzen ari diren" txikiak izan dituzte, eta "liskarrik eta polemikarik gabeko" ekitaldia aldarrikatu dute.

Tailer eta entsegu telematikoak

Apirilaren 27an, eguneroko txalo zaparradaren ostean, lehen danbor hotsak entzungo dira Gasteizko balkoietan, 20:30etik aurrera Batera zaintza sare herritarrak deitutako danborrada herrikoiaren harira. Ordu horretan, Gasteizko hainbat irratitan danborradaren kanta entzungo dela aurreratu dute.

Lehenago, egun hauetan zehar tailer eta entsegu telematikoak antolatu dituzte, alde batetik, danborra edota txanoa sortzen ikasteko, eta bestetik, Bateraren ekimenaren irizpideak zabaltzeko. Edukiak YouTubeko kanalean kargatzen ari dira:

  • Apirilak 17, ostirala: Nola egin zure danborra.
  • Apirilak 20, astelehena: Lehen entsegua Leire Betolazarekin, 19:00etatik aurrera.
  • Apirilak 22, asteazkena: Nola egin zure txanoa.
  • Apirilak 24, ostirala: Bigarren entsegua.

Aurtengo San Prudentzio jaietako danborradako zuzendaria izatekoa zen Leire Betolazak deialdian eta entseguetan parte hartuko du.

Danborrada euskaraz

Horrez gain, GEU Elkarteko lagunek danborrada euskaraz bizitzeko deia egin dute, eta horretarako berotzeko bideo bat sortzen ari dira. Prudentzio Deunaren kantua abesten edota dantzatzen bideo labur bat grabatu eta bidaltzeko eskatu diete herritarrei.

Bideoa bidaltzeko azken eguna apirilaren 24a izango da, eta 688 65 11 61 telefonoan edota info@gasteizkomintzalaguna.eus helbide elektronikoan jasotzen ari dira bideoak.

Horrez gain, ALEAk eta GEUk apirilaren 27ko danborradaren bideoa egingo dugu hurrengo egunerako. Horretarako zure laguntza behar dugu: bidali zure etxeko danborradaren bideoak eta irudiak ALEAren telefonora (645 66 86 02) edo erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.
Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago