Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Batera sareak hilabete bat bete duenean: "Orain arte argi geratu da: konturatu gara ez gaudela bakarrik, elkarren beharra dugula, komunitatearen balioaz ohartu gara", adierazi dute ohar batean, egindako lana goraipatuz.
Hilabete honetan, ohiko zaintza lanez gain, beste ekimen batzuk egin dituztela gogorarazi dute: besteak beste, maskarillak egin dituzte bizilagunentzat, auzoetako whatsapp taldeetan "prestutasun osoa" erakutsi dute elkarri laguntzeko, eta egunero, 20:00etan, txalo zaparrada bidali diete "osasun publikoan egon diren murrizketak lehen lerroan sufritzen dituztenei".
"Besarkadak debekaturik ditugun honetan, komunitatea osatu" dela adierazi dute Batera sareko kideek. "Balioan jarri dugu bizitza. Gurea eta ondokoarena", ospatu dute.
3.000 boluntario
Hiriburuko 21 puntu ezberdinetan antolatuta dagoen sareak 3.000 boluntarioen langa ia gainditu duela nabarmendu du, baina "aurretik sistemak zituen hutsune eta gabeziak larriagotu" egin direla ohartarazi dute. "Honen aurrean, ordea, elkartu gara, saretu gara eta gure zein ondokoaren bizitzak zaintzeari ekin genion duela hilabete".
"Hau guztia amaitzerakoan ez dugu lortuko aurretik zegoen egoera konpontzea. Aldiz, konpontzen hasteko oinarriak ezarri ditugu, eta hemendik ateratako ikaspenak bizirik iraungo du", adierazi dute.
Apirilaren 27an, danborrada
San Prudentzio bezperan, apirilaren 27an, 20:30ean, Gasteizko balkoietatik danborrada herrikoia egitera animatu dituzte bizilagunak. Ordu horretan, Gasteizko hainbat irratietan danborradaren kanta entzungo dela aurreratu dute.
Gainera, aurtengo San Prudentzio jaietako danborradako zuzendaria izan behar zuen Leire Betolazak ekimenean parte hartuko du; datozen egunetan berak emango du entseguen eta bestelakoen berri.
Entseguen egutegiaren zein material tailerren berri emango du Batera zaintza sare herritarrak hurrengo orduetan, Twitter bidez.