44 urte igaro dira 1976. urteko Martxoaren 3an, Gasteizen, polizia armatuak bost langile hil zituenetik. Argentinako kereilaren barruko Martin Villa auzia, Memoriaren Zentroa sortzeko proiektua eta lan istripu hilgarrien aurkako aldarria egongo dira aurtengo urtemugaren erdigunean.
Gehiengo sindikalak eta Martxoak 3 Elkarteak deitutako manifestazioan presente egon dira ere urtarrilaren 30eko greba orokorraren aldarrikapenak: "Bizitza, pentsio eta lan duinak, eta benetako aldaketa soziala". Gainera, urtearen hasieratik lan istripuz hildako 14 langileak eta Zaldibarko zabortegian lurperatuta jarraitzen duten biak ere gogoan izan dituzte.
Horrez gain, borrokaldian dauden hainbat enpresa batzorde batu dira manifestazio nagusira, puntu ezberdinetan; besteak beste, Laminaciones Arregiko langileen, Estampaciones Rubiko beharginen edota EHUk zein Hezkuntza Sailak azpikontratatutako garbitzaileen aldarrikapenak ikusi eta txalotu dituzte ibilbidean zehar.