Laminaciones Arregui ixteko arriskuaz ohartarazi dute langileek

Erredakzioa 2020ko ots. 27a, 13:55

Bi orduko lanuztea egin dute gaur Laminaciones Arreguin. / LAB sindikatua

Bi orduko lanuztea egin dute gaur, zortzi lankideen kaleratzeak salatzeko. Kaleratuak berriro lanera itzultzea exijitu dute, "Gasteiz eta Urbinako lantegien etorkizunaren alde".

Urtarrilaren amaieran negoziazioak bukatu ziren Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko zuzendaritzaren eta langileen artean. Otsailaren 6tik aurrera, lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte langileek, "ziurgabetasunezko" egoeraren aurrean.

Azkenik, enpresa batzordearen susmoak konfirmatu ziren asteazkenean: "Zuzendaritzak berriro hartu du kaleratzeak, inposizioak, jazarpena eta zigorraren bidea, 2016an utzi zuena", azaldu dute langileen ordezkariek zortzi kaleratzeen aurrean.

Gatazka 2012an hasi zela gogorarazi dute. Orduan, 356 langile zeuden enpresan; gaur egun, ordea, 95. Bide horretan, negoziazioen bitartean, gehiegizko eskulanari aurre egiteko hainbat proposamen egin zituela azaldu du enpresa batzordeak. Besteak beste, boluntario aurkeztu ziren bi lankideren lekualdatzea edota 58 urtetik gorakoen kontratuak etetea proposatu zuten.

Laminaciones Arregui epe ertainean ixteko arriskuan dagoela ohartarazi dute: "Gaur eta orain adierazi nahi dugu alarma egoeran gaudela". Urbina eta Gasteizko lantegientzako etorkizuneko proiekturik ez dagoela diote, "ez bideragarritasun planik, ez inbertsiorik, ezta produkzioaren dibertsifikaziorik ere".

Azken asteetako kaleratzeez gain, mobilizazio berriak iragarri dituzte lankideen berronartzea eskatzeko. Tartean, Martxoaren 3ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute, euren aldarrikapenen berri emateko.

Bilera egingo dute datorren asteazkenean Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin, bere inplikazioa eskatzeko eta "enplegu suntsiketa eta industriaren eraispena eragozteko". Alderdi politikoekin eta beste erakundeekin ere harremanak egingo dituztela azaldu dute.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago