Gaur egun, Martxoak 3 mugimendua aldarrikatzeko irudirik ezagunenetarikoa, eliza pareko plazan kokatuta dagoen monolitoa da. Burdinezko bost tutuz osatuta, esku itxi bat osatzen du, langileen borroka irudikatzeko ukabila.
Halere, ikur horren jatorria ez da horren ezaguna gasteiztar askorentzat eta noiz eta nola sortu zen jakiteak, Martxoaren 3ko gertakariak gizartean ikusarazteko egin behar izan den bidea erakusten laguntzen du.
Zehazki, gertakarien 10. urteurrenean kokatu zuten, 1986. urtean. Burdinez egina, Forjas Alavesas enpresako lankideek landu zuten, hildako langileen omenez.
Hildako bost lagunetariko bat, Pedro Maria Martinez Ocio, bertako langilea zen gertakariak jazo zirenean. Monolitoaren kokapena, gainera, ez zen legezkoa izan, eta segurtasun indarrek eragotzi ez zezaten, gauez jarri zuten plazan. Hein handi batean, arrazoi horregatik dauka oinak duen itxura, porlanezko oinarri landugabea.
Eta kokapena ere, ez da zorizkoa. 1976ko martxoaren 3ko, zorigaiztoko egun hartan, odolez zikindutako espaloian "Justicia" hitza idatzita geratu zen lurrean. Hitza ezabatu arren, irudi horrek egun bizirik dirau, eta monolitoak hartu du bere tokia.