Bost urte bete dira EHUk eta Hezkuntza Sailak azpikontratatutako garbitzaileen lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasi zirenetik, eta enpresek negoziazioa bertan behera utzi dutela salatu dute langileek.
Negoziazioetan Eusko Jaurlaritzako garbiketako langileen soldatak parekatzea eskatu dute; izan ere, gaur egun, %13tik gorako aldea dago. Halaber, azpikontratatutako langileen %40ak lanaldi partziala duela azaldu dute, eta lanaldiak handitzeko neurriak eskatu dituzte.
Horrekin batera, lan karga "jasanezinak" salatu dituzte. Sindikatuen arabera, Hezkuntza Sailak kontratatutako langileen lan karga 1.240 metrora mugatzea lortu duten bitartean, azpikontratatutako langileek 2.500 eta 2.800 metro garbitu behar dituzte egunero. Ondorioz, langile askok karpoko tunela, epikondilitisa, tendinitisa edota antsietatea bezalako gaitzak sufritzen dituztela azaldu dute.
Garbiketa zerbitzuak esleitzerakoan Hezkuntza Sailak eta EHUk dituzten irizpideak ere kritikatu dituzte: "Kontratuak prezio baxuenak eskaintzen dituzten enpresei esleitzen dizkiete; ondoren, langileen eskariak onartzeko zailtasuna adierazten dute".
Martxoaren 2tik aurrera grebari ekingo diote, eta bost astez etengo dute EHUko zein Hezkuntza Saileko garbiketa zerbitzua: "Espero dugu enpresek negoziazioari seriotasunez heltzea, eta azken bost urteetan eskaini ez diguten arreta eskaintzea". Negoziazioak berrartzea eta azpikontratatutako garbitzaileen prekarietatearen aurreko neurriak hartzea eskatu dute.