Memoria Gara

Gasteizko memoriaren guneari zimenduak jartzeko ordua

Erredakzioa 2020ko urt. 29a, 08:33
Memoria Gara egitasmoaren ekintzetako bat, San Frantzisko elizan. / ALEA

San Frantzisko elizan sortu nahi duten memoria gunearen diseinuan aurrera egiteko jardunaldiak antolatu ditu Memoria Gara egitasmoak otsailaren 3an, 4an eta 5ean. Hainbat arlotan adituak diren hamabost lagun izango dira mahainguruetan.

Hiru tailer ireki egin ostean, otsailean jardunaldiak egingo dituzte Martxoak 3, memoria(k), kolektiboa(k), espazioa(k) izenburupean. Hain zuzen ere, ardatz horiek landuko dituzte hiru mahainguruetan: espazioaren edukiak, kudeaketa eredua eta interbentzio artistiko-arkitektonikoa.

Saio guztiak 18:30ean hasiko dira: astelehenean Montehermoso Jauregiko Ortuño aretoan izango da Memoria(k) saioa; asteartean eta asteazkenean, berriz, Bibat Museora eramango dituzte kudeaketaren inguruko Kolektiboa(k) saioa eta gunearen formari buruzko Espazioa(k) saioa.

Memoria Garak jardunaldien edukiak eta bertan parte hartuko duten adituen izenak aurreratu ditu:

Otsailak 3, astelehena | Memoria(k): Edukia

  • Paco Etxeberria: Auzitegiko medikoa, EHUko irakaslea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea.
  • Maider Maraña: Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedra du, eta kultura-ondarean sakondu du, giza eskubideen ikuspegitik.
  • Emilio Majuelo: Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) irakaslea da, eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean dihardu, 1936tik 1975era Nafarroako memoria historikoaren eta errepresioaren inguruko fondo dokumental bat sortzen.
  • Iñaki Arrieta: museologoa eta EHUko irakaslea da, eta museoetan, kulturondarean eta kultur politiketan oinarritu ditu bere ikerketa ildoak.
  • Zuriñe Rodriguez Lara: kazetaria eta ikerlaria da; Las mujeres de Gasteiz en la matanza del 3 de marzo de 1976 lanaren egilea da.

Otsailak 4, asteartea | Kolektiboa(k): Kudeaketa

  • Iratxe Momoito Astorkia: Gernikako Bakearen Museoko zuzendaria.
  • Dani Castillejo: Artiumeko zuzendari ohia.
  • Aitor Bengoetxea: Azpeitiko Kulturaz kooperatibako proiektuaren arduraduna.
  • Xabier Gantzarain: Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikaria eta Dinamoko dinamizatzailea.
  • Jon Agirresarobe: Bertsozale Elkarteko koordinatzailea.

Otsailak 5, asteazkena | Espazioa(k): Forma

  • Rocio Peña: Peña Ganchegui Arkitektura Artxiboaren ordezkaria.
  • Txaro Arrazola: diziplina anitzeko artista da, eta bere ibilbidearen zati bat lan kolektiboan, hezkuntzan eta praktika artistiko soziopolitikoetan oinarritu da, gaur egun emakumeak artearen sisteman duen posizioa aldarrikatuz.
  • Taxio Ardanaz: Arte Ederretan lizentziatua da EHU-UPVn, eta azken urteetan egoitzak egin ditu Kurdistan, Kuba, Austria, Mexiko eta Txinan.
  • Amaia Elizalde: literaturan aditua; Un proceso de (re)construcción cultural interartística de la memoria desde el umbral de la Transición hasta nuestros días: la matanza del 3 de marzo azterlanaren egilea da. Lan horretan, hainbat arlotan (eskultura, musika, zinema edo literatura, besteak beste) Martxoaren 3ari buruz egindako lanak biltzen dira.
  • Unai Fernandez de Betoño: Arkitektoa eta EHUko irakaslea.

 

Memoriaren eta Giza Eskubideen zentroa

Duela urtebete baino gehiago aurkeztu zen Memoria Gara, 2018ko urrian, Asisko San Frantzisko eliza "memoriaren ikur enblematiko" gisa gordetzeko helburuarekin. Proiektu honen bitartez, Gasteizko "memoria inklusiboa bizirik" mantentzen lagundu nahi dute.

Ordutik, modu ezberdinetan jendarteratu du bere proposamena Memoria Gara egitasmoak, "gure historia garaikideko eta memoria kolektiborako hain sinbolikoa den proiektu hau gizarteratzeko".

Duela urtebete, dozenaka lagunek San Frantzisko eliza inguratu zuten, orain itxita dagoen "oroimenaren sinbolo bat" berreskuratzeko.

2019ko otsailean, Galdutako denboraren bila, txokolate bat eta oroigarri baten truke magdalena bat izeneko ekimena garatu zuten. Prousten eleberri ospetsuan bezala, zaporeak erabili zituzten, 1976ko martxoaren 3ari eta bere testuinguruari buruzko "oroitzapenak astintzeko".

Urte berriarekin batera, Memoriaren eta Giza Eskubideen zentroa "erabakitasunez" bultzatzen hasi nahi du Memoria Garak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide