Memoria Gara

Memoriaren eta Giza Eskubideen zentroa "erabakitasunez" bultzatzea eskatu dute

Erredakzioa 2019ko abe. 14a, 12:49

'M3 Photo' erakusketaren aurkezpenean konpromisoak eskatu dizkiete erakundeei. / Argazkia: Memoria Gara

Memoria Gara ekimenak Zaramagako San Frantzisko elizan Memoria eta Giza Eskubideen zentroa sortzeko "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko deia egin die erakundeei. Otsailean jardunaldiak antolatu ditu etorkizuneko zentroaren diseinua garatzeko.

1976ko martxoaren 3a gogoratzeko antolatutako M3 Photo argazki erakusketaren inaugurazioan, San Frantzisko elizako berrogeita hamar bat argazki eta plano bildu dituzte. Gaur egun osoan zehar ikusgai egongo da, aste honetako Giza Eskubideen Aldarrikapenaren urteurrenaren harira.

Memoria Garako kide Josu Santamarina historialariak azaldu du erakunde publiko guztiek babesa agertu diotela ekimenari. Izan ere, Gasteizko Udalarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gogora Institutuarekin izan dituzten bileretan borondate hori egiaztatu dute.

Hala ere, "hitzetatik ekintzetara" pasatzea beharrezkoa dela deritzote. Norabide horretan, Memoriaren eta Giza Eskubideen zentro baten sorrera "erabakitasunez" bultzatzea eskatu die Santamarinak.

Datorren otsailean, etorkizuneko zentroaren diseinuan aurrera egiteko asmoz, jardunaldi batzuk antolatuko ditu Memoria Gara egitasmoak. Jardunaldien helburua hainbat gai estrategikoetan sakontzea da, besteak beste, edukietan, esku-hartze arkitektonikoan zein artistikoan eta kudeaketan.

Ondoren, urtarrilean, Memoria Garak hiru tailer ireki egingo ditu, herritarrek gai horiei buruz duten ikuspegia eman dezaten.

Memoria Gara, urtebeteko ibilbidea

Duela urtebete baino gehiago aurkeztu zen Memoria Gara, Asiseko San Frantzisko eliza "memoriaren ikur enblematiko" gisa gordetzeko helburuarekin. Proiektu honen bitartez, Gasteizko "memoria inklusiboa bizirik" mantentzen lagundu nahi dute.

Ordutik, modu ezberdinetan jendarteratu du bere proposamena Memoria Gara egitasmoak. Duela urtebete, dozenaka lagunek San Frantzisko eliza inguratu zuten, orain itxita dagoen "oroimenaren sinbolo" bat berreskuratzeko.

Otsailean, Galdutako denboraren bila, txokolate bat eta oroigarri baten truke magdalena bat izeneko ekimena garatu zuten. Prousten eleberri ospetsuan bezala, zaporeak erabili zituzten, 1976ko martxoaren 3ari eta bere testuinguruari buruzko "oroitzapenak astintzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago