Atzo eguerdian jakinarazi zuen Hala Bedik Olarizu auzoko bloke okupatuetan zirela udaltzainak. Bertan bizi zen familietako bat etxerik gabe gelditu da; izan ere, Udaleko beharginek eraikina itxi dute.
Auzokideek jakinarazi dutenez, asilo politikoa eskatu zuen eta auzoan bizi zen familia kolonbiarra izan da kaleratua. Familiak berak salatu du Harrera Sozialerako Udal Zentroan (HSUZ) birkokatu behar izan direla, "bizitoki-aukera gehiagorik gabe".
Familia abenduaren 10era arte egon daiteke bertan. Behin epe hori igarota, familia zentrotik kaleratua izango da.
Ez da lehenengo aldia Olarizuko bizilagunek Udalaren presioak eta poliziaren jazarpena salatzen dituztela. Izan ere, egunotan publiko egindako datuen arabera, auzoan 450 esku-hartze baino gehiago egin ditu Udaltzaingoak 2019an zehar.
Gainera, iragan urrian, auzoko ur-hornidura moztu zuen Udalak eta, auzokideek azaldu dutenez, hornidura-mozketak saihesteko jarri dituzten bidoiak ere kendu dizkiete.
Pasa den larunbatean egindako manifestazioan, "bizitoki-larrialdiari" aurre egiteko neurriak eskatu zizkien Inor Ez Etxebizitzarik Gabe plataformak tokiko erakundeei.