Etxebizitza eskubidea bermatzeko neurri zehatzak exijitu dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2019ko abe. 2a, 10:02
Dozenaka pertsona etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioan. / Argazkiak: @GasteizenA

"Etxebizitza eskubide bat da, ez negozio bat" lelopean, manifestazioa egin zuen larunbatean Inor Ez Etxebizitzarik Gabe egitasmoak.

Gasteizko Udalari bizitoki-larrialdia deklaratzea eskatu ostean, mobilizazioak areagotzeko erabakia hartu du Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterketa Sozialaren kontrako ekimenak. Norabide horretan, dozenaka pertsona bildu ziren pasa den larunbateko manifestazioan, etxebizitzaren "egoera larriaren gaia mahai gainean" jartzeko helburuarekin.

Manifestazioa 12:00etan abiatu zen Otxanda dorretik, eta mobilizazioaren amaieran hainbat gai mahaigaineratu zituzten, azken hilabeteetan egindako aldarrikapenen ildo beretik.

"Gure hirian 10.000 etxebizitza huts baino gehiago daude, eta horietako 500 inguru Udalarenak" direla salatu zuten, etxebizitzaren arazoa konpontzeko gakoetako bat seinalatuz.

"Badago jendea kalean bizitzen", azaldu zuten manifestazio amaierako irakurketan. Horrez gain, aterpeak gainezka daudela eta astero kaleratzeak ematen direla gogorarazi zuten. Gainera, alokairuaren batez bestekoa 850 eurokoa dela salatu zuten, azken asteotan argitaratutako informazioen arabera.

Horrekin batera, etxebizitza bat alokatzeko pertsona arrazializatuek "bere azalaren kolore hutsagatik" pairatzen duten diskriminazioa ere mahai gainean jarri zuten.

Bitartean, udal gobernuak Mendizorrotzaren berrikuntzan edo auditorioaren proiektuan milioika euro gastatuko dituela gogor kritikatu zuten: "Lehentasunak beste batzuk omen dira", adierazi zuen Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterketa Sozialaren kontrako ekimeneko bozeramaileek. Eta EAJk, PSEk eta PPk plataformatik udalari helarazitako proposamen zehatz guztiak baztertu dituztela ere salatu zuten.

Etxebizitza eskubidearen aldeko atxikimenduak

Inor Ez Etxebizitzarik Gabe plataforman bildutako Gasteizko eta Arabako 20 eragile sozial eta sindikal baino gehiagok etxebizitza eskubidearen aldeko batzarra eta kanpaldia egin zituzten maiatzaren 10ean Gasteizko Plaza Berrian.

Horren ostean, atxikimendu gehiago biltzen joan dira Arabako jendarte mugimenduen artean. Azken manifestazioarekin bat egin dute 16 eragile sozialek eta hamar auzo elkartek, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuekin batera. 

Arlo sozialetik, Elkartzen, Gazte Emantzipaziorako Sarea (GES), Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Gasteizko Eskubide Sozialen aldeko Plataforma (PDS), Argilan-ESK, Kaleratzeak Stop Araba, Herrien Kongresua, Santo Domingo Bizirik, ASVE, Colectivo Bachue, Gitanos Sin Fronteras, Salhaketa, Errekaleor Bizirik, Etxebizitza Sindikatua, Emakumeok Gerraren Aurka, Gasteizko Udalaren langile batzordea atxikitu dira, besteak beste.

Bestalde, Zazpigarren Alaba, Gasteiz Txiki, Errota Zaharra, Judimendikoak, Erreka Txiki, Bost Urki, Hegoaldekoak, Uribe Nogales, Betiko Gasteiz eta Barrenkale auzo elkarteek ere atxikimendua eman dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide