Olarizuko auzokideei ura moztu die Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2019ko urr. 4a, 12:30

Poliziaren presentziarekin, Olarizu auzoko etxebizitza okupatuetako bizilagunei ura moztu die Udalak. Udal gobernuaren jarrera salatzeko elkarretaratzea deitu dute bizilagunek larunbaterako, urriak 5, 12.30ean Plaza Berrian, udaletxe parean.

Iragan uztailean, ur eta argi mozketa egin zioten Olarizuko Hiribideko 100 auzokide ingururi, tartean 20 haur baino gehiago zeudela. Gaur goizeko 8.00ak aldera, auzoko bloke okupatuetan ur mozketa berri bat izan dute.

Hala Bedik jakinarazi duen bezala, ura mozteaz gain, estoldak zementatu dituzte, dirudienez auzokideek ur-hornidura berreskuratu ez dezaten.

Etxebizitzak hustu eta eraitsi nahi ditu Ensanche 21 erakundeak. Uztailean, Gasteizko eragile ezberdinek "jarrera arrazistak" salatu zituzten Olarizuko huste-prozesuan. Tartean, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Stop Desahucios, Elkartzen, Gasteizko Plataforma Antirrazista, Herrien Kongresua, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataforma eta Olarizuko Bizilagunak taldeak zeuden.

Ildo horretan ere, "erakundeen axolagabekeria" kritikatu zuten kolektibo hauek, Udalak 451 etxebizitza huts dituela gogoraraziz. Hiriko aterpea beteta dagoela eta larrialdietarako pisuak gainezka daudela ere ohartarazi zuten, auzokideen larrialdi-egoera azpimarratuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide