Pertsona "babesgabeen kontra" oldartu izana leporatu diote Gasteizko Udalari

Erredakzioa 2019ko urr. 9a, 12:40
Olarizuko ur-mozketaren aurkako elkarretaratzea Gasteizen. / Argazkiak: Igor Muñoz Oñederra

Pasa den astean, Olarizu auzoko etxebizitza okupatuetako bizilagunei ura moztu zien Udalak, Poliziaren laguntzarekin. "Derecho a Techo" dinamikaren baitan bildutako jendarte eragileek udal gobernuaren jarrera arbuiatu zuten atzo arratsaldean, elkarretaratze berri baten bitartez.

"Olarizuko etxeak okupatzen ari diren pertsona babesgabeen kontra oldartu da beste behin ere Gasteizko Udala eta bere alkatea den Gorka Urtaran". Horrela definitu dute auzo gasteiztarrean egindako ur-mozketa berria, atzo arratsaldean Korreos Plazan bildutako eragileek.

Olarizu, okupatutako auzoa

Iragan uztailean, ur eta argi mozketa egin zioten Olarizuko Hiribideko 100 auzokide ingururi, tartean 20 haur baino gehiago zeudela.

Oraingoan, auzoko bloke okupatuetan beste ur mozketa bat izan dute eta, ura mozteaz gain, estoldak zementatu dituzte, dirudienez auzokideek ur-hornidura berreskuratu ez dezaten. Etxebizitzak hustu eta eraitsi nahi ditu Ensanche 21 erakundeak.

Hutsik zeuden etxe hauek Udalarenak dira, baina erakundeen "utzikeriaren" aurrean, etxebizitzak birgaitzen saiatzen ari direnak orain kanporatu nahi dituzten okupak direla adierazi dute: "Ura eta argindarra moztea gizagabe eta ankerra izateaz gain, pertsona orok bizitokia izateko eskubidea duela dioen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren kontra doa".

Gaur egun, 100 pertsona bizi dira bloke okupatuetan, "umeak barne", eta etxebizitza bat erosi edo alokatzeko "baliabide ekonomiko nahikorik" ez dutela salatu du berriro ere plataformak. Arrazoi horrengatik, Eusko Jaurlaritzako Alokabideren itxaron-zerrendan izateko "eskubidea ere ukatzen" zaiela ohartarazi dute.

Pertsona hauen "giza eskubideen kontra egiteari uzteko" eskatu diote Udalari, kaltetuei elkartasuna eta babesa adieraztearekin batera.

Etxebizitza eskubidea arriskuan

Olarizu auzoko arazo zehatza haratago doan problematika batean kokatu du Derecho a Techo plataformak. Izan ere, "esklusio egoera larrian daudenentzako udal baliabide guztiak gainezka" daudela gogorarazi dute. Eta Babes Sozialeko Etxeak lortzeko orduan, pertsona asko "kanpoan geratzen dira, gazte asko, emakume ugari eta gure lurraldera heldu berri diren sektore asko ere", plataformaren arabera.

Bitartean, plataformaren zenbaketak kontuan hartuta, udal-jabetzako 491 etxebizitza huts daude -Olarizuko 138 etxeak barne-, "zenbatu gabe dauden" beste asko kontuan izan gabe. Azken horien artean, erakunde publiko zein pribatuen jabetzakoak aurkitu ditzakegu: Eusko Jaurlaritzarenak, Estatuarenak, eliza katolikoarenak edo bestelako enpresa zein norbanakoenak.

Guztira, Gasteizen 10.000 etxe huts baino gehiago daudela nabarmendu dute eragile hauek. Horrekin batera, 2017ko bukaeratik hona, alokairuaren batez besteko prezioa %4 igo dela azpimarratu dute. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, batez besteko alokairua 651 eurokoa da gaur egun EAEn.

"Inor ez etxerik gabe, eta etxerik ez inor gabe"

Maiatzean abiatu zen Gasteizen "Derecho a Techo" dinamika, lelo argi batekin: "Inor ez etxerik gabe, eta etxerik ez inor gabe". Eta helburu horren inguruan indarrak bildu dituzte azken hilabeteotan Gasteizko kolektibo ezberdinek. Besteak beste, Elkartzen, Zazpigarren Alaba Auzo Elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Salhaketa-Araba, Argilan-ESK, Bachue Elkartea, Herrien Kongresua eta Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataforma (PDS) bildu dira plataforma honetan, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuekin batera.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide