Olarizuko hustean "jarrera arrazista onartezinak" salatu dituzte

Erredakzioa 2019ko uzt. 8a, 14:08
Agerraldia egin dute gaur goizean Plaza Berrian. ESTI LANAO

Gasteizko Udalak etxebizitza arazoa duten familiei alternatibak eskaintzeko exijitu dute hainbat gizarte eragilek.

Kezkatuta agertu dira Gasteizko gizarte eragileak Olarizun okupatuta dauden etxebizitza zaharren hustean jazotzen ari diren "jarrera arrazistak" direla eta. Ongi Etorri Errefuxiatuak, Stop Desahucios, Elkartzen, Plataforma Antirracista Gasteiz, Congreso de los Pueblos, Plataforma de Derechos Sociales Gasteiz eta Olarizuko bizilagunak taldeak bildu dira goizean, udaletxearen aurrean, eta "babes osoa" agertu diete Olarizuko Hiribideko etxebizitza zaharrak okupatu eta egokitu dituzten familiei. Iragan astean, Udalak hala aginduta, argia eta ura moztu zieten bertan bizi diren familiei. Etxebizitzak hustu eta eraitsi nahi ditu Ensanche 21 erakundeak.

Gizarte eragileek salatu dutenez, Olarizun bertan bizi diren lagun batzuk "baliabide ekonomikoak ez dituzten beste auzokide batzuk salatzen ari dira egunotan, eta are gehiago  txalo egiten dute ura eta argia mozten dizkietenean". Gainera, talde sozialen esanetan, Udala presionatzen ari dira zenbait bizilagun etxebizitzak lehenbailehen husteko, "bistak kentzen dizkietelako eta ezin dutelako jasan baliabiderik ez duten beste lagunek haiek erabili zituzten etxebizitzak okupatzea". Jarrera hau "jasanezina" eta "arrazista" dela azpimarratu dute agerraldian, eta gogoratu dute pertsona orok duela etxebizitza duina izateko eskubidea.

Ildo horretan ere, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren "axolagabekeria" kritikatu dute, eta gogoratu dute 451 etxebizitza huts dituela Udalak, hiriko aterpea beteta dagoela eta larrialdietarako pisuak gainezka daudela. "Erakundeek ez dituzte baliabiderik gabeko pertsonen etxebizitza beharrak asetzen".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide