Gauez eta azpikeriaz. Modu horretan aritu ziren orduko Gasteizko alkatea eta lanen kontratista San Frantzisko komentuaren patua erabakiko zuen azken estokada emateko. 1930eko apirila zen, eta eraikina bota behar zen ala ez ebazteko eztabaida puri-purian zegoen hirian. Madrilgo agintariek komentua mantendu nahi zuten, eta Gasteizko Udalak, berriz, eraitsi nahi zuen. Eztabaida horren erdian, egun batetik bestera, arrakala handi bat agertu zen absidearen erdian. "Eraikina monumentu historiko-artistikoa izendatu behar zutela jakinda, Udalak jokaldi zikin bat egin zuen", azaldu du Erdi Aroko Araba elkarteko historialari Isabel Mellenek. "Alkateak eta kontratistak horma-bularrei altzairuzko kableak lotu zizkieten, eta tiraka ibili ziren arrakala sortzeko. Madrilera jo zuten ondoren, esanez izugarrizko zuloa atera zela eta auzokideak arriskuan zirela". Zalantza barik, House of Cards telesaileko gidoilariei ere bururatu ez zaien prozesu administratibo bitxia izan zen hori. Madrilen, berriz, izugarrizko haserrealdia hartu zuten, eta Udalbatza osoak dimisioa eman behar izan zuen. Dena dela, eraikinaren patua argi zegoen ordurako, eta handik denbora gutxira bota behar izan zuten.
Enrique Iglesias zen orduko alkatea, baina ardurak banatu ditu Mellenek. Eraisteko prozesuan hiru alkatek parte hartu zutela azpimarratu du, eta Gasteizko politikari guztiak tartean egon ziren. "Komentua botatzeko borondate orokor bat egon zen hirian; gerra mediatiko eta politiko baten erdian zegoen eraikin zaharra. La libertad egunkaria, adibidez, eraistearen aldekoa zen, El Heraldo Alaves, berriz, babestearen alde zegoen. "Gasteiztar askorentzat zentzu eta erabilera askorik gabeko munstroa zen San Frantzisko". Ez omen zen eztabaida erlijiosoa izan, Mellenek argitu duenez, ordurako eraikina kuartel bihurtua baitzegoen.
Gertakari horietatik 90 urte igaro diren arren, komentua gaurkotasunera bueltatu da berriro, bereziki azken hilabeteotan gaiari buruzko ikerketak eta haren hondarrak modu batean edo bestean berreskuratzeko proposamenak ugaritu direlako. Publikoaren artean ere gaiak jakin-mina pizten duela azaldu du adituak. "Galdutako espazioei buruzko bisitaldiak antolatu ditugunean ikusi dugu jendeak ardura berezia duela eraikinarekiko". Sancho el Sabio fundazioan erakusketa eta hitzaldi sorta prestatu zuten, eta orduan animatu ziren gaiari buruzko ikerketa sakonagoa egitera. Emaitza pozik erakutsi du Mellenek, esku artean: La ciudad perdida izeneko liburu mardula. "Ikus dezakezunez, ez da txikia!".
Irudiz betetako lana da, bai adituek zein zaletuek errez irakurtzeko modukoa. "Liburu erakargarria egiten ahalegindu gara". Bertan bildu dute ikerketa prozesuan jasotakoa, komentua XIII. mendearen hasieran sortu zutenetik 1930era arte.
Iruzur bat
Besteak beste, Magdalenaren kaperari buruzko informazio ugari jaso dute, egun zutik dirauen bakarra; eta, detektibe istorioetan bezala, kapera hori ikertzean aspaldi egindako iruzur batekin topo egin dute. "Kondairak dio komentua kapera horretan hasi zela, baina aurkitu dugu XVII. mendean fraideek asmatutako zerbait izan zela hori, epaiketetan zeudelako eta kapera horretan interes ekonomikoak zituztelako. 1615eko agiri batean fraideek diote ados jarri direla adierazteko komentuan errotutako tradizioa dela hori. Ez dakigu zehazki kapera noiz eraiki zuten, baina badakigu XV. mendean izan zela; beraz, kapera horrek ez du zerikusirik komentuaren jatorriarekin". Ikerketan argitu dute ere kapera pribatuek garrantzi handia izan zutela. "Gasteizko familia handiak lehiatzen ziren ahalik eta tokirik hoberena, garestiena eta ederrena lortzeko, eta hiriko artista hoberenak kontratatzen zituzten".
Urteen joan-etorriarekin, militarrek eraikinaren kontrola hartu zuten. Espainiako Independentzia Gerran izan zen lehen okupazioa. Orduan, soldadu frantsesek eraikina erabili zuten, eta fraideekin batera egon ziren. Karlistaldietan bigarren okupazio bat izan zen: 1834. urtean, karlistek Gasteiz setioan zeukatenean, liberalek fraideak komentutik bota zituzten, matxinoak zirela egotzita. "Fraideak karlistak ziren, oso erradikalak. Adibidez, Inkisizioa itzultzearen aldekoak ziren. Gainera, oso aktiboak ziren arlo militarrean. Abagunea zuten guztietan komentuko hormak gainditu eta borrokatzera ateratzen ziren, Agurainera edota Guardiara, esaterako".
Gauzak horrela, fraideek ultimatuma jaso zuten: alde egiteko 48 ordu eman zizkieten. Hortik aurrera, San Frantzisko kuartel gisa erabiltzen hasi ziren, garaiko defentsa ministerioaren esku geratu zelarik. Denborak aurrera egin ahala, modernizatzen ari zen hiri batean, erraldoi zahar baten modura geratu zen. "Hiriaren erdialdean egonda, oso orube erakargarria zen, eta horrek bultzatu zuen eraikina botatzeko nahia". Orduan hasi ziren ika-mikak, eta, hasieran aipatu bezala, prozesu luze baten ondoren Udalak San Frantzisko komentua botatzea erabaki zuen.
Barruan zeuden artelan guztiak sakabanatuta geratu ziren. "Ikonoklastak zirenez, aurretik frantsesek artelan asko suntsituak zituzten, baina 1930eko eraistearekin artxibo eta liburu guztiak sakabanatu ziren". Handik-hona lan batzuk geratu dira: Katedral Zaharrean Juan Carreño de Mirandaren koadro bat, eta Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan Kristo bat, esaterako. Dena dela, artelan asko bilduma pribatuetan egongo diren susmoa du Mellenek.
Komentuan zegoen gehiena galdu den arren, bertan gertatutako pasarteak berreskuratzeko aukera izan dute ikertzaileek. Adibidez, Fray Pascual apaizaren istorio bitxia: Erdi Aroko Marco Polo baten itxuran, 1330eko hamarkadan komentutik atera eta erromesaldia abiatu zuen. Pertsiara joan zen, musulmanak kristautasunera aldatu nahian. "Martirioaren bila joan zen, sarrazenoen lurraldeetara. Meskita batean ere eman zuen predikazioa". Bilatutako martirio hori aurkitu zuen, 1342an, Armalek hirian (Afganistan): burua moztu zioten. Beste istorio bitxia Alfontso X.a Jakintsuaren mirarietan jasotakoa da. "San Frantziskon sartu berri zen fraide bat gaixotu egin zen, aurpegia beltzez jarri zitzaiola. Fraidek kandela zuri bat ekarri zioten, Ama Birjinari otoi eginez, eta kandelak bereganatu zuen aurpegiaren kolore beltza". Hil bazen ere, mamu baten itxuran ageri zen ondoren, eta azaldu zuen arima salbatua zuela. "Beraz, Andresito baino lehenagokoa izan zen mamu hori", dio Mellenek, txantxetan.
Berreraikitze birtuala
Agirietan aurkitu dute orain arte informazio gehiena. Gehiago egongo al da gordeta gaur egun Olagibel kalean hutsik dagoen orube horretan? "Gu ez gara arkeologoak, baina agirietan ikusi dugunagatik, ez dugu uste bertatik asko atera daitekeenik. Gainera, hor dagoen lurra oso mugituta dago", erantzun du historialariak. Dena dela, ohartarazi du gutxienez segurtasunagatik hondarrak finkatu beharko liratekeela, eta eraikina modu batean edo bestean orainera bueltatzeko formulak bilatu.
Momentuz, Arkikus enpresak egin du hiru dimentsioko berreraikitze birtuala, Vitoria-Gasteiz 1850 izeneko sakelako telefonoetarako aplikazioaren barruan. Modu horretan, XIX. mendearen erdialdean komentuak izan zuen irudiari buruzko ideiaren bat egiteko moduan egongo da XXI. mendeko bisitaria, bai kalean bertan zein etxetik ere.
Baina bestelako aukerak ikertzen ari dira adituak, orain galdutako eraikin hori berreskuratzeko. Bereziki GPAC taldeko ikertzaile Ismael Garcia-Gomez dabil gaiaren bueltan, eta "zerbait potentea" prestatzen ari dela aurreratu du. Horretarako, baina, une batez arkeologia tresnak eta liburuak albo batera utzi eta instituzioekin borrokatu beharra dago. Fray Pascualek sarrazenoen artean martirioa bilatzeari ekin zion modu berean, instituzioen artean predikatzeari ekin dio adituak. Hauteskundeak pasa ondoren "gauzak mugitzen" hastea espero du.