Duela 170 urte Gasteizko San Frantzisko komentua nolakoa zen ikusteko aukera dute gasteiztarrek eta, oro har, interesa duten lagun guztiek, Arkikus enpresak hiru dimentsiotan egindako berreraikitzea plazaratu duelako.
Duela hainbat hilabete aurkeztu zuten Vitoria-Gasteiz 1850 izena duen sakelako telefonoetarako aplikazioa, (Android eta iOS sistemetarako) eta hasierako bertsio horretan Montehermoso jauregia eta Andre Mari Zuriaren plaza XIX. mendearen erdialdean nolakoak ziren ikusteko aukera zegoen, doan. Enpresako arduradunek orduan agindu zuten pixkanaka eremu gehiago gehituko zituztela, eta hala egin dute oraingoan.
1930ean eraitsia izan zen San Frantzisko komentua modu birtualean ikusteko bidea ematen du aplikazioak, hiru ikuspuntutatik: aurrealde nagusia, Hego-Mendebaldeko aldea eta klaustro nagusia. Informazioa euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dago, eta testu zein ahots bidezko azalpenak biltzen dira bertan.
San Frantzisko komentuari buruzko hainbat ikerketa lan abiatu dira azken hilabeteotan, eta desagertutako eraikinari buruzko mozioa aurkeztu dute ere Batzar Nagusietan, galdutako ondare hori modu batean edo bestean berreskuratzeko. Datorren astean gaiari buruzko erreportaje zabala argitaratuko du ALEAk, Isabel Mellen eta Ismael Garcia-Gomez adituen laguntzarekin.