San Frantziskoren etorkizuna diseinatzen

Juanma Gallego 2019ko eka. 9a, 06:25
Metodologia esportatzeko aukera paregabea izan daiteke San Frantzisko, Garcia-Gomezen ustez. / ALEA

San Frantzisko komentuan "zerbait potentea" prestatzen ari direla iragarri du GPAC taldeko ikertzaile Ismael Garcia-Gomezek. Indusketa egin nahi dute bertan, orubea berreskuratu eta metodologia hori nazioartera eraman.

Adituek agirietan informazio berria eskuratu duten arren, hemendik gutxira San Frantzisko komentuari buruzko datu berriak zabalduko dira. Hori aurreratu du bederen EHUko GPAC Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko ikertzaile Ismael Garcia-Gomezek. Enklabe KST enpresako arkeologoa ikerketa propioa egiten ari da, eta azaroan eraikinari buruzko informazio gehiago plazaratuko du, frantziskotarrek iraganean zuten probintziaren inguruan egiten ari den ikerketa baten barruan. Ez da buruan duen ardura bakarra. Bertan indusketa berriak egiteko aukera egongo dela espero du, eta horietan arkeologoek datu berriak eskuratu ahal izango dituztelakoan dago. "Lurra ez dago dirudien bezain nahasia, eta arkeologiaren ikuspuntutik hondar horiek oraindik asko dute emateko", azaldu du. Gaur egun arkeologoek eskura duten teknikei esker gauza txikietatik asko ikas daitekeela gogoratu du, eta, gaian aditua den heinean, bereziki arkitekturaren arkeologiaren teknikak aplikatzea espero du. Gainera, argi du eraikinaren historia puzle orokor baten pieza bat besterik ez dela. "Asko ikas daiteke, adibidez, garaiko oligarkiei buruz".

ENKLABE enpresako arkeologoak, San Frantziskon. / ENKLABE KST

Komentuaren antzinako distira berreskuratzearekin tematuta dago Garcia-Gomez. "Tira, Erdi Aroko Arabako kideek liburu bat atera dute, beste liburu bat bidean dago; baina, halere, hondarrek hor jarraitzen dute, bere horretan. Argi dago hemen zerbaitek huts egiten duela". Gauzak horrela, adituak nabarmendu du instituzioetan lan asko egin behar dela, hondar horiek duten balioa aitortu aldera. Gogoratu du EH Bilduk mozioa aurkeztu duela Batzar Nagusietan, eta, oro har, gainerako taldeak ados daudela proposamenarekin. Horregatik, behin hauteskundeak igarota, "gauzak mugituko" diren esperantza du.

Ikerketaren erosotasuna alde batera utzi eta ondarearen kudeaketaren ardura zailera pasatzean egin behar diren pausuak ondo ikasita ditu adituak. "Ez gara geratuko politikariei itxaroten: GPAC ikerketa taldean gauzak aurreratzen ari gara dagoeneko". Argi du, gainera, gizarteari "zerbait" eskaini behar zaiola. "Ez da nahikoa esatea zure indusketa interesgarria dela. Propositiboa izan behar duzu. Bestalde, sikiera laguntza txiki batekin, lortu behar dugu jendeak ikus dezala hondarren aurrean gaudenean arkeologoek ikusten dugun panorama berdina." Helburu horrekin, zerbait "potentea" prestatzen ari direla aurreratu du, eta hainbat pista eman ditu: GPAC taldekoak UNESCO katedraren partaide dira, eta haien asmoa da egingo duten esku-hartzea Euskal Herritik kanpo zabaltzea. Nazioarteko arkitekto eta arkeologoekin harremanetan ari direla jakinarazi du. Funtsean, Santa Maria Katedralarekin lortu zutenaren antzeko zerbait lortu nahi dutela dio. "Metodologia berria esportatzeko aukera paregabea izan daiteke San Frantzisko. Gasteiz zientziaren panoraman jarri nahi dugu; baina, askotan, zaila da hau politikariei azaltzea".

Arlo praktikoari dagokionez, ideia batzuk daude mahai gainean. Horietako bat da orubera zuzenean sartu ahal izateko sarbide berezi bat jartzea, eta estaldura jarri behar zaion ala ez eztabaidatzen ari dira. "Momentuz, nazioarteko bi arkitektori proposamenak eskatu dizkiegu, eta oso proiektu interesgarriak aurkeztu dizkigute". Politikarien teilatuan dago orain pilota.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide