Alkateak Olarizuko gurutzearen sabotajea gaitzetsi du

Erredakzioa 2018ko abe. 20a, 14:04

Olarizuko gurutzea erasotu dute. JUANMA GALLEGO

"Gasteizko tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati" baten kontrako erasotzat hartu du udalbatzak.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaitzetsi du bart gauean Olarizuko gurutzeari egindako erasoa. Talde politiko guztiek, EH Bilduk izan ezik, "Gasteizko tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati den" elementu horren kontra egindako sabotajea arbuiatu dute. EH Bilduk, berriz, esan du Olarizuko gurutzearekin gertatu denak ez duela errazten "sinbolo frankistei buruzko eztabaida lasaia".

Alkateak erakunde-adierazpena egiteko proposamena helarazi die udal talde politikoei gaur goizean, sabotajearen berri jakin bezain pronto, Udalaren gaitzespena azaltzeko. "Gaitsezpena aho batez eta azkar egin behar zen, baina ez da posible izan, zoritxarrez", azaldu du alkateak. Azkenean, PPK, EAJk, PSEk, Podemosek eta Irabazik sinatu dute adierazpena. Onarturiko testuak "irmotasunez gaitzesten du bart gauean Olarizuko Gurutzeari egindako erasoa, herritar ororen ondarea den horri kalte handiak ekarri baitizkio".

Lehenengo azterketaren arabera, gurutzea konpontzeko lana luzea, konplexua eta garestia izango da, kalteak handiak direlako. Hasteko, behin-behineko neurriak hartzea erabaki da, gurutzearen oinarrian hondatu den zatia sendotzeko, eta inguruan perimetro bat ezartzeko, pertsonen segurtasuna babeste aldera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago