Kutzemendi (Olarizu) mendiaren tontorrean dagoen gurutzea polemika iturri izan da azken asteotan. Frankismoaren garaian eraiki zuten, Gasteizen 1951n egin ziren "Misio Santua" izeneko jardunaldien oroimenez. Emilio Apraiz, Gerardo Lopez de Gereñu eta Luis Saenz de Olazagoitia gasteiztarrek Udalari proposatu zioten gurutzea eraikitzea, eta baimena jaso zuten. Diru-bilketa abiatu zuten egitasmoa gauzatzeko, baina orduko gobernadore zibilak agindu zuen Espainiako Gerra Zibilean Errepublikaren aldekoek hildako apaizen izenak gurutzean idatzi behar zirela. Halaxe egin zen. Erabakiak polemika sortu zuen hirian, eta 1952an eraikitako gurutzea inauguratu gabe geratu zen.
66 urte igaro direnean, polemika abiatu da berriro, Mendiolako Kontzejuak eskatu duelako gurutzea eraisteko edo beste leku batera mugitzeko, "izaera frankista" duelakoan. Memoria historikoari buruz Gasteizko Udalak bultzatutako txostenean abiatzen da afera. Bertan, Virginia Lopez de Maturana historialariak gaiaren inguruan Gasteizen dauden hainbat elementuri buruzko katalogoa bildu du, eta horiekin zer egin proposatu du. Olarizuko gurutzearen kasuan, apaizen izenak biltzen dituen plaka kentzea, eta, horren ordez, garaiko testuinguru historikoa azalduko duen beste plaka bat jartzea proposatu du Lopez de Maturanak; azkenean, hori egin du Udalak, Olarizuko Dehesa etxearen alboan plaka bat jarrita.
Txostena eskutan, urtearen hasieran Gasteizko Udalak plaka hori jartzeko baimena eskatu zion lurren jabe den Mendiolako Kontzejuari; irailaren 10ean ospatuko den Olarizuko erromeria baliatu nahi zuen Udalak plaka jartzeko, baina Kontzejuak ezezkoa eman dio.
Mendiolako Kontzejuko bozeramaile Koldo Camon Erostarbek babestu du Kontzejuak hartutako erabakia "eztabaida sakonen" ondorio izan dela. "Argi genuen gai potoloa zela, batez ere Gasteizen izan zezakeen eraginarengatik". Hiru hilabetez hainbat bilera egin dituztela azaldu du, tartean gaia jorratzeko beren-beregi bideratutako batzar berezi bat. Aukera desberdinak aztertu dituzte: Udalaren proposamena bere horretan onartzea, gurutzea mantentzea baina plakan beste testu bat jarrita, edota gurutzea bera mugitzea edo botatzea. Azken aukeraren alde egin dute.
Bi plano desberdin bereizi behar direla dio Camonek. "Batetik eztabaida juridikoa doa; lur eremu horiek gureak dira, eta horren arabera uste dugu erabaki dezakeegula bertan zer egin daitekeen edo ez. Eta Kontzejuak, batez ere, horretara mugatu nahi du bere burua". Legearen arabera ari direla, eta "eskubideak eta betebeharrak" dituztela esan du eledunak.
"Bestetik, bigarren eztabaida da ea monumentu hori frankista ote den. Kontzejuan gaia landu zen, noski, eta ados geunden frankista zela. Eztabaidak izan dira, adibidez ea garai horretan posible ote zen bereiztea erlijioa eta erregimena. Argi dago biak batera zihoazela".
Eskumenen defentsa
Udalaren jokaera kritikatu du Camonek. "Modu formalean Udalaren erabakia itxaroten egon gara, baina alderdi batzuen artean haien kabuz hartu dute erabakia, eta hedabideetan azaldu dira. Guk ofizialki ez dugu plazaratu gure jarrera". Olarizuko erromeriaren egunean prentsa agerraldia egingo dutela aurreratu du Camonek. "Gure mezua izango da berrestea lur eremu hauek Mendiola herriarenak direla, eta bere garaian gurutzea jartzeko baimenik ez zigutela eskatu". Udalak zerbitzu juridikoetara jotzeko azaldu duen asmoa gogor kritikatu du Camonek. "Gu ere administrazio publikoa gara. Guztiok ordaintzen dugun zerbitzu juridiko horiek erabiliko al dituzte txikiagoa den entitate baten aurka jotzeko?". Babes bila Arabako beste kontzejuetara gutuna bidali dutela erantsi du, entitate txikien eskubideen defentsan.
Txostenaren egile Virginia Lopez de Maturanak dio gaiak erpin asko dituela. Gurutzearen egitasmoa abiatu zutenak euskal abertzaletasunarekin lotutako mendizaleak izan zirela argitu du. "Kontuan izan behar dugu garai horretako EAJ katolikoa zela". Orduko gobernadore zibil Luis Martin-Ballestero egitasmoan sartu zenean herritarren artean hiru sustatzaileek egiten ari ziren diru-bilketa bertan behera geratu zela gogoratu du. Martin-Ballesterok "euskal nazionalismoarekin obsesioa" zuela argitu du adituak.
Testuinguru politikoa kontuan izanik, orduko Gasteizko gotzain Jose Maria Bueno Monrealek jokatutako rola nabarmendu du historialariak: gobernadoreari gurutzea hasierako egitasmoaren arabera mantentzeko eskatu zion. "Liskar asko izan ziren haien artean, gotzainak babesten zuelako euskal nazionalistak ere katolikoak zirela, eta EAJko hainbat kidek jarrera hori eskertu zioten. Noski, gotzainak nolabaiteko lotura izan behar zuen erregimenarekin, baina garai horretan politika egin ahal izan zuen moduan egin zuen". Adituak argitu du 1960ko hamarkadan, Sevillako gotzain zela, Bueno Monrealek Francori gutun bat bidali ziola, erregimena bertan behera uzteko eta demokrazia abiatzeko eskatuz.
Garaiari buruz hitz egiten duen edozein dokumentu deserosoa dela ondo dakien arren, kexu mintzo da Lopez de Maturana, hainbat hedabidetan historialarien lanari buruz zabaldu den irudiagatik. "Historialari bezala, dokumentuetan oinarritzen dugu gure lana, eta horiek babestu behar direla uste dut. Baina ohituta nago alde guztietatik egurra jasotzera: tesia argitaratu nuenean ere halaxe gertatu zen, kasu horretan, erregimenaren instituzioan egon ziren lagunen senideen partetik. Agian horrek esan nahi du nire lana ondo egiten ari naizela"