Gaur goizean zabaldu dute Gasteizko Dehesa etxetik gertu Olarizuko gurutzea "testuinguru historikoan" kokatzen duen plaka bat. Ekitaldian Gorka Urtaran alkateak iragarri du Gasteizko Udalak ez duela baimenik emango gurutze horren eraiste lanak burutzeko. Zerbitzu juridikoekin batera aztertutako erabakia izan da, alkatearen arabera. Urtaranek esan du gurutze hori ez dela "sinbolo erlijioso" soila, "gasteiztar guztiena" baizik.
Irabazi eta EH Bilduk ez dute ekitaldian parte hartu. EH Bilduren arabera, gurutzea eraistearen edo lekuz aldatzearen alde azaldu den Mendiolako Kontzejuko erabakia errespetatu behar da. "Plaka jartzea ez da premiazkoa, bai aldiz frankismoaren aurka adostasunak bilatzea". Alderdiaren iritziz, gaiak "eztabaida bat zabaldu ahal izateko balio behar du, ez ordea, tokiko entitate batekin liskar bat bilatzeko".
Mendiolako Kontzejuko bozeramaile Koldo Camonek gogor kritikatu du Udalak zerbitzu juridikoak erabili izana "entitate txiki" baten aurka jotzeko. "Gu ere administrazio publikoa gara, eta zerbitzu horiek ordaintzen ditugu". Camonek ALEAri azaldu dio Kontzejuak bere eskumenak defendatuko dituela, eta Arabako gainerako kontzejuei gutun bat bidali dietela erantsi du, administrazio horien eskumenen defentsan euren babesa lortzeko.