Gasteizek laugarren Memoriagunea inauguratu du gaur. Frankismoaren biktimak omentzeko hirian kokatu duten laugarren oroimen-lekua Karmeldarren komentuan inauguratu dute. Modu horretan, bertan atxilo izan ziren pertsonak gogoratu nahi dituzte. Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez, pertsona hauek atxilotu zituzten "Bigarren Errepublikaren kontra altxatu zirenen ideia politikoen aurka egoteagatik eta errepresio frankistari aurre egiteagatik".
Karmeldarren komentuaren plazan jarritako Memoriaguneak oroitzen duenez, komunitateak ohiko bizimoduarekin jarraitzen zuen bitartean, Bigarren Errepublikaren kontra matxinatu zirenek komentuaren zati bat konfiskatu zuten, eta Gerra Zibilean atxilotze-zentro bihurtu zuten.
Laugarren Memoriagune hau aurreko asteetan Santa Isabel hilerrian, Sagrado Corazon ikastetxean eta Bakea kalean inauguratutakoei gehitu zaie. Oroimen-leku hauetan guztietan Iñigo Arregi Elorza artistak egindako monolitoak kokatu dituzte.
Udalaren memoriaren ereduari planto
Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak planto egin die Gasteizko Udalak inauguratu dituen Memoriagune hauei, besteak beste, Gasteizko Udalak defendatzen duen memoriaren ereduarekin bat ez datorrelako.