Frankismoan preso egondako emakumeak omendu dituzte

Erredakzioa 2018ko mar. 1a, 16:51
Frankismoan preso egon ziren emakumeak omendu dituzte, Sagrado Corazon aurrean jarri duten monolitoarekin.

Bigarren Memoriagunea inauguratu du Gasteizko Udalak, Sagrado Corazon ikastetxearen aurrean.

Bigarren Memoriagunea inauguratu dute Gasteizen. Aurreko astean, Santa Isabel hilerrian izan zen, eta gaur, berriz, garai batean Sagrado Corazon ikastetxean kokatuta zegoen kartzela frankistan preso egon ziren emakumeak gogora ekarri dituzte. Hala, Manuel Iradier eta Foru kaleen arteko bidegurutzean monolitoa inauguratu dute, gerra garaian eta frankismoan atxilotu eta preso egon ziren emakumeen omenez.

Bertan izan dira Gorka Urtaran alkatea, udal taldeetako ordezkariak eta zenbait herritar, tartean, Maruja Ruiz Fernandez, kartzela hartan preso egon zen emakume baten (Columba Fernandez) alaba. Aita ere Bake kaleko kartzelan egon zen preso, eta fusilatu egin zuten. Marujak eskertu du ekitaldi hau: "Berandu xamar egin arren, oso pozik nago".

Alkateak azpimarratu duenez, "emakumeen kasuan errepresioa bikoitza izan zen. Batetik, errepresio ideologikoa, altxamenduari eta errepresio frankistari kontra egiteagatik; bestetik, genero errepresioa, bizitza publikoan onartzen ez zitzaien rola bete izateagatik".

Datozen asteetan, beste memoriaguneak inauguratuko ditu Udalak.

Erlazionatuak

Gasteizko lehenengo Memoriagunea inauguratu dute

S. Fdz. de Aranguiz eta I. Estarrona 2018 ots 21 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide