Hirugarren Memoriagunea inauguratu dute Bake kalean

Erredakzioa 2018ko mar. 7a, 16:44

Arabako espetxe probintziala kokatuta zegoen lekuan monolitoa jarri dute, bertan frankistek hil zituzten pertsonak omentzeko.

Hirugarren Memoriagunea inauguratu dute Gasteizen, oraingoan, Bake kalean, Arabako probintzia espetxea zena zegoen lekuan. Bertan, hamarnaka pertsona errepresaliatu, atxilotu eta hil zituzten, "demokrazia eta askatasuna defendatzeagatik eta frankismoari aurka egiteagatik", azaldu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Bertan, beste bi Memoriaguneetan bezala, biktimak omentzeko monolitoa jarri dute.

Udal talde politiko guztien ordezkari eta hainbat herritar izan dira inaugurazioan, tartean, Maruja Ruiz, Pilar Ruiz de Austri, Araceli Garcia eta Felisa Ajamil. Emakume hauen aitak preso izan tzituzten espetxe hartan, eta ondoren hil egin zituzten, inolako epaiketarik gabe.

Bake kaleko Memoriagunea Santa Isabel hilerrian eta Sagrado Corazon ikastetxean inauguratutakoei gehitu zaie. Datorren astean, Karmengo komentuaren aurrean (Manuel Iradier kalea) laugarren bat inauguratuko dute.

Memoriaguneei planto

Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak planto egin die Gasteizko Udalak inauguratu dituen Memoriagune hauei. Izan ere, Gasteizko memoria berreskuratzeko plana bera sustatu zutenak dokumentu horretatik deslotu dira.

Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformak proposatu zion Udalari Memoriaren Plan bat egitea, eta, horretarako, talde guztiek osatutako lantaldea sortu zuten. Harrezkero, hainbat neurri adostu dituzte, hala nola Memoriaguneak sortzea. Alabaina, beste puntu batzuen inguruan ez dute akordiorik lortu, eta, "planak jatorrizko asmoari eutsi ez diola" iritzita, dokumentutik bereizi egin dira orain sustatzaileak.

Plataforman parte hartzen duen Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinezek adierazi duenez, "Gasteizko Memoriaren Plana ez da jatorrian zena, bere osotasunean ez dituelako bermatzen egia, justizia eta erreparazioa". Gogorarazi duenez, Gorka Urtaran alkateak ez dizkie dominak eta kale-izenak kenduko frankismoarekin lotutako pertsonei, eta, horren ordez, testuinguruan jarriko ditu. Kokapen historiko hori egiteko, Udalak "testu lotsagarriak" proposatu dituela iruditu zaie: "Testuan, pertsona horiek garaiak bultzatuta izan ziren frankistak; nola da posible? Beste batzuek garai bera bizi izan zuten eta ez zuten frankismoarekin bat egin. Diktadura eztitzen dute halako tesiek".

Memoriaguneen testuei dagokienez, aldiz, azaldu du Udalak erakutsi ere ez dizkiela egin: "Ez gaituzte kontuan hartu, eta, hala ere, inaugurazio-ekitaldira gonbidatu gaituzte batere lotsarik gabe".

Bestalde, gogorarazi du ez frankismoaren biktimek ez estatu indarkeriarenek ere ez dutela tokirik izango Terrorismoaren biktimak oroitzeko zentroan (Espainiako Banku ohiean), eta, horren ordez, monolitoa jarriko dietela eraikinaren parean. "Biktima batzuk barruan, eta besteak kanpoan; batzuk eraikin erraldoi batean, eta beste batzuk eskultura xume batean... Esana diot aurrez aurre Urtarani: diskurtso bikaina du memoriaren inguruan, baina, praktikan jartzeko orduan, kontraesan handiak dauzka".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide