Gasteizko lehenengo Memoriagunea inauguratu dute

S. Fdz. de Aranguiz eta I. Estarrona 2018ko ots. 21a, 17:02

Oroimen-lekuen sustatzaileak ez dira inaugurazioan egon, "jatorrizko helburuak alboratu direlako".

Plaka bakarti apal bat besterik ez da egon azken urteetan Santa Isabel hilerriko fusilamendu-horman, hain zuzen frankistek 'Lauaxeta' idazlea eta gutxienez beste 32 pertsona hil zituzten tokian. Haien "oroimena bermatu, duintasuna itzuli eta justizia egiteko", Gorka Urtaran alkateak Gasteizko lehenengo Memoriagunea inauguratu du aste honetan.   

 

Kanposantuko ate nagusiko plazan kokatu dute lehenengo oroimen-lekua, Iñigo Arregi eskultore arrasatearren monolito bat jarrita. Hori izango da, aurrerantzean,  hiriko "memoriaren marka". Izan ere, Santa Isabel hilerrikoaz gain, beste hiru Memoriagune inauguratuko dituzte datozen asteotan (astero bat), kartzelak eta atxiloketa-guneak egondako tokietan: Bakea kalea, Sagrado Corazon ikastetxea eta Karmeldarren komentua

 

Oroitzeko testuan, hiru ideia nagusi

Oroimen-leku guztiek izango dute testu bera:

1) "Frankismoa Giza Eskubideak sistematikoki urratu zituen diktadura izan zen".

2) "1936 eta 1978 bitartean, jazarpen politikoa eta errepresioa jasan zuten ehunka gasteiztarrek, diktaduraren ideologiarekin bat etorri ez eta erregimen haren kontra egiteagatik".

3) "Hamarkada horietan, hierarkia katolikoak bat egin zuen diktadura frankistarekin, zeina armen indarrez ezarri baitzen, 1936ko uztailaren 18an Bigarren Errepublikaren aurka estatu-kolpea jo ostean".

Hitz horien ondoan, QR kode bat agertuko da, informazio gehiago eskuratzeko. Datu gehigarri horiek Gasteizko Udalaren webgunean egongo dira, Memoria Historikoarekin lotutako leku berezi batean.

 

Martxoaren 31, data seinalatua

Udalaren Memoria Historikoaren Planaren barruan dago Memoriaguneen kokapena. Oriomen-leku horiek jartzeaz gain, beste hainbat neurri hartuko ditu Udalak. Hala,  data seinalatu berri bat izango du Gasteizek egutegian: martxoaren 31, frankistek hiriko alkate Teodoro Gonzalez de Zarate errepublikarra eta beste 15 pertsona hil zituzten eguna (1937). 

Urtero egun horretan, frankismoaren biktimen omenezko ekitaldia antolatuko du Udalak. Halaber, hiriko 149 etxebizitza-eraikinetik xafla frankistak kentzeko programa abiatu du. Aitzitik, Urtaranek ez dizkie ohore-dominak eta kale-izenak kenduko frankismoarekin lotutako pertsonei; horren ordez, testuinguruan jarriko ditu. 

Talde guztietako ordezkariak egon ziren Santa Isabeleko Memoriagunaren inaugurazioan.  

 

  Jatorrizko adostasuna, pitzatuta

Arrakalak ireki dira dagoeneko Gasteizko memoria berreskuratzeko planean: plana bera sustatu zutenak dokumentu horretatik deslotu dira, eta ez dira lehenengo Memoriagunaren inaugurazioan egon.

Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformak proposatu zion Udalari Memoriaren Plan bat egitea, eta, horretarako, talde guztiek osatutako lantaldea sortu zuten. Harrezkero, hainbat neurri adostu dituzte, hala nola Memoriaguneak sortzea. Alabaina, beste puntu batzuen inguruan ez dute akordiorik lortu, eta, "planak jatorrizko asmoari eutsi ez diola" iritzita, dokumentutik bereizi egin dira orain sustatzaileak.

Plataforman parte hartzen duen Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinezek adierazi duenez, "Gasteizko Memoriaren Plana ez da jatorrian zena, bere osotasunean ez dituelako bermatzen egia, justizia eta erreparazioa". Gogorarazi duenez, Gorka Urtaran alkateak ez dizkie dominak eta kale-izenak kenduko frankismoarekin lotutako pertsonei, eta, horren ordez, testuinguruan jarriko ditu. Kokapen historiko hori egiteko, Udalak "testu lotsagarriak" proposatu dituela iruditu zaie: "Testuan, pertsona horiek garaiak bultzatuta izan ziren frankistak; nola da posible? Beste batzuek garai bera bizi izan zuten eta ez zuten frankismoarekin bat egin. Diktadura eztitzen dute halako tesiek".

Memoriaguneen testuei dagokienez, aldiz, azaldu du Udalak erakutsi ere ez dizkiela egin: "Ez gaituzte kontuan hartu, eta, hala ere, inaugurazio-ekitaldira gonbidatu gaituzte batere lotsarik gabe".

Bestalde, gogorarazi du ez frankismoaren biktimek ez estatu indarkeriarenek ere ez dutela tokirik izango Terrorismoaren biktimak oroitzeko zentroan (Espainiako Banku ohiean), eta, horren ordez, monolitoa jarriko dietela eraikinaren parean. "Biktima batzuk barruan, eta besteak kanpoan; batzuk eraikin erraldoi batean, eta beste batzuk eskultura xume batean... Esana diot aurrez aurre Urtarani: diskurtso bikaina du memoriaren inguruan, baina, praktikan jartzeko orduan, kontraesan handiak dauzka".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide