Mitoak eta errealitatea bereiziko ditu Beatriz Gallegok

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 15a

Emakumeek latsarrien inguruan bizi izandako bizipenen berri emango du Gallegok. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Denbora luzean emakumeen "espazio propio" baten rola jokatu duten landa eremuko latsarri edo garbitokien inguruan jardungo du antropologoak.

Latsarriak landa eremuan, mitoak eta emakume espazio propio baten errealitateak izeneko hitzaldia emango du ostiralean Guardian Beatriz Gallego antropologo oiondarrak. Tomas y Valiente heziketa eskolak antolatuta, Gallegok Garcetas etxean 17:30ean eskainiko duen hitzaldian emakumeek espazio horien inguruan bizi izandako bizipenen berri emango du.

Antropologoak gaiaren bueltako eskarmentu handia du, horren gaineko ikerketa monografikoa egin duelako, eta, bereziki, Araban bildu izan du informazio hori. Idatzizko iturrietan ez ezik, batez ere lehen eskutik jasotako ahozko testigantzetan oinarrituko du hitzaldiaren zati handiena, iazko abenduan Antoñanan egin zuen bidetik

Ez da izango Arabako Errioxako herri harresidunean asteburuan izango den ekimen bakarra. Izan ere, larunbatean 'Turkanarekiko loturak' izeneko jardunaldi solidarioa antolatu du Amor Sin Barreras gobernuz kanpoko erakundeak. 10:00etan hasi eta gauera arte luzatuko den egunean, denetariko jarduerak egingo dituzte herrian, bertako elkarteen kolaborazioarekin: argazki erakusketa, horma irudi parte hartzailea, artisautza azoka, musika emanaldiak edota dantza plaza. Horiez guztiez gain, 11:30ean Kenyako Pole Pole eskolarekin zuzenezko konexioa egingo dute, modu telematikoan bederen bertako errealitatea ezagutzen duten ume eta hezitzaileen eskutik lehen eskuko informazioa eman aldera.

Erlazionatuak

Nekezia, espazio propioan

Juanma Gallego 2024 abe 06 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago