LATSARRIAK

Nekezia, espazio propioan

Juanma Gallego 2024ko abe. 6a, 06:00

Laia Eskolaren ekimenen barruan, Antoñanan latsarrien gaineko hitzaldia eman du Beatriz Gallego antropologoak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Latsarrien bueltan eratutako istorioak eta gune horiek bete izan dituzten funtzioak azaldu ditu Beatriz Gallego antropologoak. Andreen espazioak izan dira beti, eta funtsezkoak informazioaren transmisioan.

Historikoki latsarrietan emakumeek egindako lan gogorra gogora ekarri du Beatriz Gallego antropologoak azaroaren 23an Antoñanan emandako hitzaldi batean. Adituak berak azpimarratu duenez, gaiarekiko interesa eta horren kariaz bildutako informazio andana Eusko Ikaskuntzaren beka bati esker 2010ean egindako proiektu pertsonaletik abiatu zen. Bibliografian eta udal ordenantzetan arakatzeaz gain, bereziki Araban herriz herri bildutako 40 bat ahozko testigantzetan mamitu zen ikerketa proiektua.

LATSARRIEN INGURUAN HITZ EGITEAN, BETI EMAKUMEEI BURUZ ARI GARELA DIO GALLEGOK

XVI. mendetik egiten zaie erreferentzia latsarri edo garbitokiei, baina, eraikinari baino, emakumeak garbitzeko elkartzen ziren tokiari deitzen zitzaion horrela. Baina orain ezagutzen ditugun eraikinak batez ere XIX. mendetik aurrera garatu ziren, ideia higienisten zabalpenarekin. Besteak beste, argi ikusi zelako ura izurriteen transmisorea zela. Hala, eraikin horiekin saihestu zen ibaian sartu behar izatea, eta horietako asko gaurdaino iritsi dira, zaindu egin direlako. "Gaur egun ematen du guztiena dena ez dela inorena, baina hau ez zen beti horrela izan, eta garai batean zaindu egiten ziren herriko baliabideak; tartean, latsarriak", gogora ekarri du antropologoak.

Ibaietatik atera

Dena dela, ibaian baino baldintza hobeak eduki arren, "lan nekeza" zela azpimarratu du Gallegok, oso baldintza kaskarretan egiten zelako. "Hotz edo bero askorekin, bustiak, xaboi oso urragarriekin, arropa gogorrarekin, erraz infektatu ahal ziren ospelekin, postura desegokian lan egiten...".

Historian zehar garbiketa beti emakumeei lotuta egon dela dio Gallegok. "Hortaz, latsarrien inguruan hitz egiten dugunean, beti emakumeei buruz ari gara", finkatu du.

Herri askotan mantendu dira latsarriak; argazkian, Domaikiakoa. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Batez ere hirietan garbiketaren profesionalak zeuden. Oso lanbide gogorra zen, esfortzu fisiko handia eskatzen zuena, eta oso gaizki ordainduta zegoena. "Seguru aski horregatik, ospe txarra zuten garaiko latsariek". Baina herri txikietan batez ere familiarentzat eta akaso hirugarren batentzat garbitzen zuten etxekoandreak ziren espazio horien erabiltzaileak. "Emakumezkoen lana zen, eta bakarrik bizi ziren gizonezkoek emakumeren bati esleitzen zioten arropa garbitzeko ardura".

Ordainduta egon ala ez, zaintzen barruan sartzen zen kontua zen. Kontziliazioa egitea ez zen erraza, eta emakume batzuek Gallegori esan zioten ume txikia etxean utzi behar zutela, negarrez, edo beste norbaiten esku. Beste kasuetan, seme-alabak latsarrira eramaten zituzten. Are, neska batzuk hamar bat urterekin joaten ziren. Kasu horietan, noski, jorratutako gaiaren arabera, andreen solasa kontu gehiagorekin egin behar zen. "Gaiaren arabera, batzuetan neskak deseroso sentitu ahal ziren. Halako egoeratan, ohikoa zen esaera ezaguna: Ixo, eskegitako arropa dago!".

Dena dela, neskatxo askok ama laguntzen zuten, eta bitartean lehen garbiketa lanak ikasten zituzten. Bestetik, lan horretan errespetatu beharreko ordena edo dinamika bat bazela ere ikasten zuten.

Espazio propioa

Solasa ohikoa zen, askotan emakumeek beste zenbait emakumerekin konfiantzako giro batean egoteko zeukaten aukera bakarrenetakoa baitzen. Emakume askok Gallegori esan diote biltzeko edo hitz egiteko lekua zela. "Lan gogorra izan arren, bederen solas egiteko aukera zuten". Bestetik, espazio propiotzat hartzen zuten, eta askatasunez hitz egiteko aukera zuten. Batzuek zioten "emakumeen kontzeju" toki bat zela, eta informazio asko trukatzen zen. Askotan kuxkuxean ibiltzeko tokitzat hartzen bazen ere, Gallego ez dator bat ideia horrekin. Denetariko gauzen inguruan hitz egiten zela babestu du. "Akaso beren tokietan biltzen zirenean gizonezkoek nazioarteko politikaz hitz egiten al zuten, filosofiaz edo diplomaziaz, ala?", galdetu du Gallegok, ironiari eutsita.

Hala, emakumeak elkartzen zirenean, sozializazio lekua bilakatzen zen, baina beti lanari lotutakoa. "Orduko gizartearen aurrean beti argi geratu behar zen lanean ari zirela. Kontua ez zen, beraz, lanaren ostean txukundu, etxetik atera, eta nonbait geratzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago