'Pole pole', txiri-txiri, baina gelditu gabe

Juanma Gallego 2025ko urt. 25a, 06:00

Turkana herriko bizilagunek parte hartzen dute eguneroko erabakietan. Argazkian, hil honetako bilera. Argazkia: AMOR SIN BARRERAS.

Kenyako iparraldean Pole Pole eskolaren proiektua martxan du Ana Baz lapueblarrak duela zazpi bat urte sortutako Amor sin barreras gobernuz kanpoko erakundeak. Proiektua abiatu zutenetik, argi izan dute Turkana herriko lagunek eta bertako kulturak izan behar dutela erabateko protagonismoa.

Egun batean Ingololek bost ordu eman zituen Pole Pole eskolaren atarian, bertako langileak eraikinetik ateratzeko zain. Idazten eta irakurtzen ez zekienez, senide batek idatzitako curriculuma zeukan eskuetan. Hiru lerro baino ez ziren. "Ingolol naiz, eta mendietan bizi naiz. Pertsona ona naiz, eta lan egin behar dut, nire seme-alabak zaintzeko. Ahuntzak zaintzen dakit". 2018an sortu zuen Amor sin barreras gobernuz kanpoko erakundearen dosierra eskuetan duela, une hori biziki gogoan du Ana Baz lapueblarrak. Gaur egun, Ingololek eskolan lan egiten du, gaueko zaindari bezala. Orotara, Kenya iparraldeko Turkana herriko beste zazpi lankiderekin batera, 50 bat haurri hezkuntza, elikadura eta osasun arreta ematen dizkiete.

Askotan horrelakoa da bizitza, eta erabaki xumeek ezusteko ondorioak izan ditzakete. Horrela abiatu zen elkartasun proiektua ahalbidetu zuen elkartea bera. Haren familiak Lapuebla de Labarcan kudeatzen zuen tabernan lanean ari zela, UNED bidezko psikologia ikasketak egiten ari zen arratsalde batean, Bazek ordenagailua ireki eta boluntariotza proiektuak begiratzeari ekin zion. Proiektu andana ikusi zituen, baina batez ere Kenyako proiektu batekiko interesa piztu zitzaion Bazi: Nairobiko aldirietan zegoen umezurztegi bat. Ingelesa ez jakinda ere, izena eman zuen, bitan pentsatu gabe, eta arratsalde horretan bertan hegaldia erreserbatu zuen. "Amari esan nionean Kenyara bi hilabetez joango nintzela, zoratuta nengoela erantzun zidan". Gauzak hala, zoramenak aurrera egin zuen, baina Kenyan aurkitu zuen egoerak ezinegon handia sortu zion. Bertan zeuden umeak gaizki zainduta zeudela konturatu zen. "Bertako umezurztegiak negozio pribatuak dira. Berez ez dute umeak bertatik ateratzea nahi, ume bakoitzari etekin ekonomikoa ateratzen diotelako: boluntarioak doaz, bertan donazioak jasotzen dituzte, eta, umeak gero eta egoera kaxkarragoan ikusi, orduan eta diru gehiago jasotzen dute", azaldu du Bazek.

Janaria, bitartekaririk gabe 

Zentro horrek Mama fatuma zuen izena, eta, Bazen arabera, Mama hori aurretik daramaten guztiak fundazio berarenak dira. "Ikusi ditut furgonetak sartzen, janari jakin batekin, oilasko izterrekin, eta molde ogiarekin, baina inoiz ez dut ikusi janari hori mahaian. Umeei arroza besterik ez zieten ematen". 

Egoeraz jabetuta, Baz bera kalean janaria erosten hasi zen. "Bertako prezioak ikusita, pentsatu nuen erraz erosi ahal niela janaria umeei". Prezioak apuntatu zituen, eta, Kenyatik joan zenean helduarora heltzear zen Houssein izeneko gazte batekin adostu zuen mugikor bat erosiko ziola, dirua bidaltzeko, eta berak janaria erosteko, bueltan ticketen argazkiak bidalita. "Hari ere diru pixka bat ematen nion, noski, egiten zuen lanagatik". 60 euroko bidalketekin hasi ziren, baina laster hilean 500 euro bidaltzera pasa ziren. "Hori dirutza da Kenyan", argitu du.

ESKOLAN 50 BAT UME ARTATZEN DITUZTE, BEREN HEZKUNTZA, ELIKADURA ETA OSASUNA ZIURTATUZ

Handik gutxira jaso zuen zuzendariaren mezu bat, esanez haiek kudeatuko zutela dena, kontu korronte batekin, eta gardentasuna bermatuz. "Baina hirugarren bidalketan diruaren erdia ere ez zidaten justifikatzen, eta, pena izugarriaz, bidalketa horiek eten behar izan nituen", gogoratu du elkartearen arduradunak. "Oso gaizki pasatu nuen, baina min handiz proiektu hori utzi egin behar izan nuen".

Eskola Kenya iparraldean

Kolpe horrek ez zuen atzera bota, halere. Hala, Housseinekin beste hainbat proiektu egin zituen, baina azkenean Madrilgo Aztivate elkartetik esan zieten Kenya iparraldean eskola bat eraiki nahi zutela, eta GKE txiki bat behar zutela hori kudeatzeko. "Kontuak egin genituen, eta hasi aurretik 35.000 euro lortzeko konpromisoa hartu genuen". Pandemia betean, dosierra eskuetan, industrialdeetatik joan zen Baz, diru eske. "Artean oraindik ezer martxan ez zegoela, eraikina egiteko 65.000 euro lortu genituen, eta beste 30.000 mantentzerako. Ezin nuen sinetsi". Gardentasuna jarri du Bazek elkartearen arrakastaren zio handienetakotzat. "Nire ustez, jendeak lagundu nahi du, baina, modu berean, eman duten dirua helmugara iritsiko den konfiantza izan nahi dute".

Behin dirua eskuratura, bertako langileekin eskola eraiki zuten, Turkana herria bizi den eskualdean. Eremu oso latza dela azaldu du Bazek. "Normalean jaki freskorik ez dute jaten, bertako klima erdiaridoa baita, eta artzaintzan aritzen dira". Argindarrik eta ur korronterik ez duten etxoletan bizi dira, eta "gauzak ondo joaten direnean" egunean behin jan dezakete, baina egunak ere eman ditzakete jan gabe. "Batzuetan ume txikiak gosez hiltzen dira, literalki, jatekorik ez dutelako".

Bertako baliabideekin eta makineriarik gabe eraiki zuten duela hiru urte Pole Pole eskola turkanarren eskualdean. Argazkia: AMOR SIN BARRERAS.

Eskolaren eraikuntza bera pizgarri ekonomiko handia izan zen eskualdeko biztanleentzat. Hala, bertako jendeari 10.000 lan jornal baino gehiago eman zizkioten. Oso baliabide gutxirekin lortu zuten eskola martxan jartzea, lau hilabetean, eta makineriarik erabili gabe. Kasurako, hobi septikoa egiteko bi hilabetez egon ziren, mailu eta zizelarekin hiru metroko sakonera lortu arte. Pozik dago Baz orain arte lortutakoarekin. Hilabete honetan eskolak hiru urte bete ditu, eta egun 50 haur inguru dituzte. "Elikadura, hezkuntza eta mediku arreta ematen dizkiegu. Nutrizio programari ekin genionean, ume guztiek elikadura arazoak zituzten. Urtebetean %40 egoera normalean egotea lortu genuen. Are, orain, eguneko nutrizio beharren %80 betetzen ari gara, elikadura osasungarriarekin". 

Hezkuntzari berari dagokionez, bertako ministerioan alta emanda daude, eta Kenyako curriculuma jarraitzen dute. Beste alorretan bezala, eskolan ere dena berrerabiltzen dute. "Uniformeak konpontzeko, behin eta berriz josten dituzte, eta dagoeneko gehiago konpondu ezin denean, ehunekin panpina oso dibertigarriak egiten dituzte". 

Herrialdeko currimuluma jarraitu arren, elkartean oso argi dute Turkana herriaren berezko kulturaren transmisioa bermatu nahi dutela. Norabide horretan daukaten jardun bat Nalindorena da, hileko bi larunbatetan umeekin egotera datorkien laguna. "Bertako jantzi tipikoaz jantzita dator, eta abestiak, tribuaren ohiturak eta kultura irakasten dizkie umeei. Ume horiek jakin behar dute eurak turkana direla, eta beren sustraiak hor daudela". 

Beste horrenbeste egiten dute eskolaren antolakuntzarekin. "Gure filosofiaren abiapuntuan dago Turkana herria proiektuaren erdian egotea", argitu du Bazek. "Gu ez goaz bertako herriak mendebaldetzera. Eskolan batzorde bat dugu, herrixka bakoitzeko ordezkari batekin, eta dena galdetu egiten zaie. Haiek dira bertako egoera ezagutzen dutenak". 

Zoritxarrez, hau ez da elkartasun proiektu guztien atzean dagoen filosofia. "Inguru horretan bertan badira ere elkartasun proiektuekin egin diren hainbat eraikuntza, amaitzeko geratu direnak, komunitatekoekin hitz egin gabe egin direlako, eta, ondorioz, gero erabiltzen ez direlako".

Bertoko ohiturak, oinarrian

Modu berean, zuhur dabiltza bertako ohiturak ez kutsatzearekin. "Tokia bere horretan utzi nahi dugu. Telebistako saioren batetik esan digute joateko, eta ezetz esan diegu, gure marra gorriak baditugulako. Ez dugu nahi ingurua jendez betetzea. Denak ez du balio". Eta gauza bera egiten dute jasotzen duten boluntariotza eskaerekin. "Hori onartzeko, bertako komunitatean epe luzera inpaktu bat izango duen behar bat ase egin behar duzu ezinbestean. Baina izan behar da bertan daudenek egiten ez dakiten zerbait. Bestela, horretarako, hoberena baita bertako norbait kontratatzea. Zertarako egingo dugu ba, kanpoko batekin, haiek berek egin dezaketen zerbait?".

Filosofia hori darraite proiektua ezagutarazteko egiten duten hemengo ekimenetan. Hala, eskoletan egiten dituzten jardueretan, bertakoa bizimodu desberdin bat dela irakasten diete umeei. "Adibidez, jostailuak berrerabiltzen dituztela, eta jostailu propioak egiten dituztela, bertako materialekin". Institutuetan, berriz, ikasle nagusiagoak daudenez, Kenyan dagoen egoera bere horretan azaldu dezakete, dena kontatuz. Herriz herri dauden azoketan ere sarritan parte hartzen dute —joan den urtean 45 inguru egin dituzte—, turkanarrek egindako artisautza eta materialak saltzen, eta, kideen ekarpenaz gain, enpresa eta udalekin hainbat akordio lortu dituzte. Eta aurki dira joatekoak ere Espainiako Kongresura. Eskolaren izenari jarraiki, bidea pole pole egiten jarraituko dute —txiri-txiri, swahiliz—. baina gelditu gabe.
 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago