EH Bilduk zentsura mozioa proposatu du Bastidan, PPri alkatetza kentzeko

Erredakzioa 2024ko urt. 9a, 13:00

Gaur egun, PPko Daniel Garcia da Bastidako alkatea. Argazkia: Arabako Errioxako Kuadrilla

EAJrekin hautsi zuten Bastidako zinegotziek sortutako Lasa Bai taldeari "herritarren gehiengoaren eskaerari" erantzutea, zentsura mozioa aktibatzea eta "udal gobernu anitza eta aurrerakoia" eratzea eskatu die EH Bilduk.

2023ko udal hauteskundeen atarikoan, Edu Barinaga Bastidako alkategai jeltzaleak karguari uko egin zion, EH Bildurekin akordioa egiteari uko egin eta PPri alkatetza uzteko EAJko zuzendaritzaren erabakiarekin "desadostasunak" zirela eta. Udal hauteskundeetan, PPk lau zinegotzi lortu zituen (eta alkatetza, gutxiengoan), EAJk hiru eta EH Bilduk bi.

Hauteskundeen ostean, EBBk hartutako erabakia gaitzetsi zuten hautatutako hiru zinegotzi jeltzaleek. Uztailean, berriz, alderdi jeltzalearekiko apurketa gauzatu eta Lasa Bai izeneko herri plataforma eratu zuten.

Dagoeneko sei hilabete igaro dira ordutik, eta EH Bilduren ustez "herritarren gehiengoaren eskaerari erantzuteko unea iritsi da". Hortaz, Bastidako Udalean zentsura mozioa aktibatzea proposatu die Lasa Bai taldeko hiru zinegotziei, orain bai, PPko Daniel Garcia alkatetzatik kentzeko.

Udal gobernu "anitza eta aurrerakoia"

"Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ondoren Bastidan izandako gertakariek agerian utzi zuten udalerrian gehiengoa dagoela, bai zinegotzi kopuruari dagokionez (5-4), bai botoen ehunekoari dagokionez (%48,73-%46,85), eta udal gobernu anitza eta aurrerakoia eratzeko. Gure udalerrian aski ezagunak diren Alderdi Popularraren politika kontserbadore kaltegarriei ateak itxiko dizkien udal gobernua", aldarrikatu du koalizio subiranistak, ohar batean.

"Bastidan horrelako politika publikoak baztertzeko eta eskuin muturreko jarrerei ateak behin betiko ixteko borondatea nagusi izanik, udalerria biziberritzeko eta aurrera egiteko udal gobernu bat osatzea" eskatu die EH Bilduk Lasa Bai plataformako kideei, "Bastidako herritarren gehiengoaren nahiekin bat egiteko, eta berdintasuna, aniztasuna, feminismoa eta Euskal Herriaren nazio aitortza bezalako oinarrizko balioak defendatzeko".

"Horretarako, gobernu programa ireki eta plural bat egitea" proposatu du koalizio independentistak, "Bastidako bizilagunen ongizatea erdigunean jartzeko, bai eta udalerriaren garapena ere, unean uneko erronka nagusiei erantzuna emanez, hala nola etxebizitza, gazteria, garapen ekonomiko eta soziala edo trantsizio energetikoa".

PP eta ultraeskuina

EH Bilduren ustez, azken hilabeteetan PPk hartu duen norabideak "aldaketaren beharra areagotu baino ez" duela egin Bastidan. "Dozenaka dira PPk ultraeskuindarrekin (Voxek ordezkatuta) egindako gobernu akordioak, indarkeria matxista ukatzen duten politika atzerakoiak ekarriz, edozein motako aniztasunaren aurkakoak eta zentsura aplikatzera ere iritsi direnak, adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko eskubideen aurka joz", ohartarazi dute subiranistek.

"Horri guztiari gehitu behar zaio Espainiako Estatuaren nazio aniztasunari buruzko edozein eztabaida zantzuren aurrean oso jarrera beligerantea izatea, eta horrek, de facto, gure herriaren, Euskal Herriaren existentzia hutsa ukatzea dakar", kritikatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago