Asteazken honetan BERRIA egunkariak argitaratu duenez, Bastidako EAJko hiru zinegotzi ohiek Lasa Bai herri plataforma eratu dute, udal hauteskundeen atarian alderdi jeltzalearekin izandako apurketa gauzatuz. Hurrengo udal hauteskundeetan, 2027an, marka independente horrekin lehiatuko dira, baita EAJren aurka ere, Arabako Errioxako beste udalerri batzuetako ereduari jarraituz; besteak beste, Eltziego eta Lapuebla de Labarca. Azken egunetan plataforma berriaren estatutuak prestatzen aritu dira, eta jadanik onartu egin dituzte.
Martxan dagoen legegintzaldiari dagokionez, plataforma berriko kideek jakinarazi dute PPko alkate Daniel Garciak gobernu akordio bat proposatu diela, nekazaritza zinegotzia eskainiz (hutsik, oraingoz); baina udal gobernuan sartzeari uko egin diote. Nolanahi ere, ez dute zentsura-moziorik aurkeztuko, beraz, 2023tik 2027ra bitartean oposizioan arituko dira.
Udal hauteskundeen atarikoan, Edu Barinaga Bastidako alkategaiak karguari uko egin zion, EH Bildurekin akordioa egiteari uko egin eta PPri alkatetza uzteko EAJko zuzendaritzaren erabakiarekin "desadostasunak" zirela eta. Udal hauteskundeetan, PPk lau zinegotzi lortu zituen (eta alkatetza, gutxiengoan), EAJk hiru eta EH Bilduk bi. Hauteskundeen ostean, EBBk hartutako erabakia gaitzetsi zuten hautatutako hiru zinegotzi jeltzaleek. Orain, berriz, alderdi jeltzalearekiko apurketa gauzatu egin dute.
Lasa Bai izenaren jatorria La Bastida (Bastida) eta Salinillas de Buradon (Gatzaga Buradon) gaztelaniazko toponimoak dira. Besteak beste, Alain Quintana eta Aintzane Prieto zinegotziek osatuko dute aurrerantzean herri plataforma independente berria.