Bastidako EAJren hautagaitzak gaitzetsi egin du EBBk hartutako erabakia. "Beharrezkoa da jakinaraztea Bastidako EAJren hautagaiak erabat traizionatua sentitzen direla alderdia eta Eduardo Barinaga hautagai ohiaren aldetik", jakinarazi dute sare sozialetan zabaldutako ohar batean.
Herriko jeltzaleen ustez, inbestiduratik 48 ordura egindako mugimendu politikoak "bide bakarra" utzi nahi dio hautagaitzari, "oposiziora joatea". Eta oraindik erabakirik ez dutela hartu jakinarazi dute: "Botoa eman duten pertsonekiko errespetuagatik eta gugan konfiantza eta zor diegun leialtasunagatik, jakinarazi nahi dugu oraindik ez dagoela erabakirik hartuta". Erabakia inbestidura saioan jakinaraziko dutela gogoratu dute.
Gasteizko eta Bilboko bulegoetan egindako mugimendu politikoak orain hautagaitza osatzen dutenen "bizkar" egin dutela salatu dute, "PPren eta EAJren onura alderdikoiei erantzunez, eta ez gatoz bat, inolaz ere". Hori zuzendu ezean, Bastidan EAJk "bere buruaz beste" egingo duela uste dute hautagaiek, "boto-emaileak iraintzearekin batera".