Arabako Errioxako Villabuena herrian kokatuta dagoen upategi familiarra da Candido Besa. 1940an hasi ziren beren ardo bereizgarria egiten, eta 1975ean komertzializatzeari ekin zioten. Aste honetan zabaldutako bideo batean azaldu dute upategiaren historia eta ibilbidea, bai eta gaur egun ardoa ekoizteko prozesuaren nondik norakoak ere.
Candido Besak berak, bere aita Agustinen eskutik, irekitako bideari eutsi diote bere alaba Estik eta Lorentxok; orain, laugarren belaunaldia diren biloba Julen eta bere lagun batzuekin batera. Bost ardo mota ekoizten dituzte Candido Besa upategian, modu ekologikoan: Zuria, Lurrekoa, Bihotzekoa, Kuttuna eta, bereziena, Amarehuna. Ardoaren ekoizpen prozesu osoa dago haien esku, mahastiak ereitetik ardoa botilaratzeraino; eta, jakina, mahats-bilketa ere haiek egiten dute, mendematzaileen laguntzarekin.
Ardoaren elaborazio prozesu hori azaldu dute Ekaitz Anda (Ekanda Ekoizpenak) bideogileak grabatutako eta editatutako ikus-entzunezko lanean. Gainera, dron irudi ikusgarriak grabatu dituzte ere, HH Maniako Studio estudioko kideen laguntzarekin.