Ura nahasita dator ardoaren lurraldean

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2019ko urr. 11a, 15:24

AEBetatik baino, barrutik datoz mehatxuak Arabako Errrioxako familia upategientzat.

Goizeko bederatziak dira Gernikako Arbola plazan, eta tabernara sartu dira bi gizon; kanpoan, batera eta bestera, traktore txiki ugari ikusten dira, hutsik, eta langilez beteta furgoneta asko. Mahastietara doaz guztiak. Azken egunak dira eta lehenbailehen bildu behar da mahats beltza; zuria iragan astean jaso zuten gehienek, Villabuenan bederen.

"Larunbatean hasi zen mendemaren 'kolpe handia",  esan dio kafea hartzera sartu den gizonak tabernan dagoen beste bati. Buruarekin baietz erantzun dio besteak, eta betondoa zimurtu du: "Aurten, tomateak ere ez datoz ondo", esan du, eta mahatsaren azidotasunaz eta PHaz kexatu da: "Limoiak dirudite". Hirugarren bat ere sartu da tabernara, eta hizketaldira batu da; hau ere ezkor: "Iazkoarekin alderatuta, %30 gutxiago ari dira jasotzen", esan die, eta burua makurtu du. Kafea amaitu eta plazara atera dira gizonak, bakoitza bere zereginetara.

Udazken honetako mahats-bilketa zalantzazko testuinguru batean dator Arabako Errioxan. Familia upategi txikien kasuan, jatorrizko izendapenaren inguruan zabalik dagoen eztabaida eta Logroñoko zuzendaritzaren azken jokaldiak daude batetik; eta aldaketa klimatikoak azken urteetan izan duen eragina, eta belaunaldi berrien errelebo falta, bestetik. Ardogintzaren industriarentzat, berriz, kanpokoa da mehatxua, AEBetako gobernuak Europako hainbat produkturen gainean –tartean ardoa– ezarriko dituen muga-zergak.

Ardogintzaren sektorean ziurgabetasuna ez da gauza berria, azken urteetako joera baizik, baina ezinegona gero eta hedatuagoa dago Arabako mahastizain txikien eta familia upategien artean, eta bide propioa egiteko beharraren sentsazioa areagotzen ari da hauen artean.

Ezinegon horren adibide dira goiz-goizetik mahatsa biltzen dabiltzan Candido Besa upategikoak. Zortzi hektarea eta erdi dituzte Villabuenan. Duela hiru urte bukatu zuten mahasti guztiak ekologikora aldatzeko prozesua, eta egun, soilik ardo ekologikoa egiten dute, beltza eta zuria.

"Upategi handiek gu ez jateko gurea gobernatu behar dugu; hori da gure salbazioa"

Mahatsak ziztu bizian biltzen dituen bitartean hitz egin du Esti Besak Rioja jatorrizko izendapenetik ateratzeari buruz: "Upategi handiek gu ez jateko, gurea gobernatu behar dugu; hor dago koxka, hori da gure salbazioa". Halaber, Arabako upategi txiki gehienek salmenta zuzena egiten dutela kontuan hartuta, Euskal Herriko merkatuan Arabako Errioxako ardoen presentzia indartzeko beharra ere nabarmendu du. Besak dituen datuen arabera, Arabako Errioxako ardoaren %15 soilik saltzen da Euskal Herrian. "Guri Trumpek jartzen duena bost axola. Guk hemen saldu nahi dugu, Euskal Herrian, hemen merkatua dago. Sagardoa dena da hemengoa, txakolina dena da hemengoa…".

Saskia mahatsez bete du Besak, sorbaldaren gainean jartzeko laguntza eskatu du, eta badoa mahatsa atoian botatzera. Inguruan hamar bat lagun ditu, eta giro ona nagusi da mahastian.

Lorentxo Gorroñok irribarretsu azaldu duenez, urtero, gazte kuadrilla polita biltzen dute mendema egiteko,"punkien eta artisten taldea". Horietako batzuk beteranoak dira, Gorka Alonso bezala. Hamabost urte daramatza Besa upategiaren mahats-bilketan lan egiten. "Familiako semea ezagutzen nuen eta horregatik hasi nintzen, eta hemen oso-oso gustura nago; lan gogorra da baina giro ona dago. Gainera, hauek kristonak dira, gure alde begiratzen dute beti, ikusten baldin badute asko dagoela destajuan egiten dugu, eta gutxi baldin badago soldatan". Haren antzera lanean dagoen Jon Ferrerek Alonsoren iritzia berretsi du: "Lan fisikoa da baina gozamena, jendeak oporrak ere eskatzen ditu hona etortzeko (kar, kar). Nire plana urtero etortzea da".

Eguraldiaren aldaketa

Urtero. Mahatsa baldin badago. Izan ere, azken hamar urteetako joera ikusita zaila da ziurtatzea etorkizunean mahats nahikoa jaso ahal izango duten Arabako Errioxako upategiek eskaera asetzeko. "Azken urteak oso txarrak izan dira –esan du Besak–. Zazpi urtetik bost txarrak izan dira, 2015. urtean %15 gutxiago jaso genuen, 2016an erdia… Aurten, berriz, harria izan dugu eta maiatzaren 8an izotza. Oso ona dago mahatsa, oso sanoak daude aleak baina nabaritzen da pisuan; 45.000 kilo hartzen baldin baditugu…".

Julen Gorroñok, amak esandakoaren haritik, ziurtatu du gurasoen lekukoa hartzeko orduan duen beldur nagusia eguraldiaren aldaketa dela: "Gehienbat horrekin nago kezkatuta, gurea bezalako familia upategi batean ez da bideragarria urtero mahatsa erosi behar izatea bezeroak mantentzeko". Gainera, ardo ekologikoa egiten dute, eta oso mahats ekologiko gutxi dago Araban, " 21 upategi bakarrik".

Beldurrak beldur, zorionekoak dira Candido Besa upategikoak, semeak eta haren lagun batek negozioarekin jarraitzea erabaki dutelako. "Semea eta bere lagun bat etorri dira; ikusiko dugu zer erabaki hartzen dituzten, baina guk gure bidea egingo dugu, ez dugu beste horiek bezala izan nahi, ez ditugu hektarea gehiago behar eta ez dugu nekazaritza lurra galdu nahi. Harro gaude lur triste eta pobre honekin", esan du Gorroñok.

"Arabako Errioxako herri guztien izenak erregistratuta dauzkatela entzun dugu"

Halere, haiek ez bezala, segidarik ez duten familia ugari daude Arabako Errioxan; eta Villabuenan, bereziki, gainbehera handia jazo da biztanlerian. Belaunaldi berrien faltarekin batera, gero eta baldintza administratibo eta burokratiko gehiago bete behar dituzte mahastizainek, eta nekazari askok amore eman dute. "2000. urtetik, makro-industriari bezala exijitzen digute eta jende asko nazkatzen hasi da". Horrenbestez, nekazaritza lurrak jabe handien eskuetara pasatzen ari dira, pixkanaka: "90.000 euro balio du hektarea batek hemen, Arabako Errioxan. Rothschild & Vega Siciliak erosi berri dituzte 70 hektarea mahasti zahar; eta horiek ez dituzte 90.000 euro ordaindu… Zuk horren kontra zer egin dezakezu?".

Bistan da Arabako mahastizainek ardoaren industriaren aurrean bizirik atera nahi badute bide berriak urratu beharko dituztela. Besteak beste, hortik dator Arabako Mahastiak jatorrizko izendapena sortzeko orain dela bi urte ABRA Arabako Mahastizainen Elkarteak abiatu zuen prozesua. Candido Besa upategiko kideak horren parte izan dira, beste berrogeita hamar bat mahastizainekin batera. "Ikusi zutenean mugitzen hasten ginela hasi ziren haiek ere ipurdia mugitzen, eta orduan atera zuten zonaldeko ardoa, lurraldeko ardoa…, alukeriak, zirko bat". 

Arabako upategien izaera eta lan egiteko modua errespetatuko dituen erabakirik ez dute espero Besako mahastizainek Rioja izendapenaren barruan. Izan ere, nabarmendu dutenez, irailean izan dute administrazioen politikaren azken adibidea, Europan Rioja Alavesa marka erregistratu baitu izendapenak. "Badakigu izena galduta dugula, eta, are gehiago, ez bakarrik Rioja Alavesa izena; entzun dugu Arabako Errioxako herri guztien izenak erregistratuta dauzkatela , ziurrenik ezingo genuke Vino de Lanciego edo Vino de Villabuena jarri, Riojak erregistratuta dituelako".

Hartara, mendema bukatzen dutenean bildu beharko dira berriro Arabako upategiak, etorkizuneko estrategiak adosteko eta finkatzeko.

Besaren mahastietan lana bizpahiru egunetan amaitzea espero dute. Orain, langileen taldea furgonetaren inguruan bildu da, hamaiketakoa egiteko. Kezkak eta artaziak alde batera utzi dituzte une batez, eta txantxetan dabiltza.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago