Bastidatik ibiltzen hasi eta Moredaraino, upategi handi batzuk eta turisten gorakada gorabehera, ez da paisaia gehiegi aldatu azken berrogei urtetan. Hizkuntza paisaiari begira jarriz gero, ordea, aldaketa ugari izan dira; hala ere, konformagaitzak dira Esti Besa Sanchez, Andoni Landa Arozena, Dani de Ayala Castaño, Idoia Marauri Bernedo eta Edurne Azkarate Sobrino. Dabilen ardoari muzinik ez.
Andoni Landak, Nuarben euskara hutsean sortua, eskolan ikasi zuen gaztelania, gaztaroan; hala ere, hizkuntza kontzientzia itzalia izan zuen, buruak‒solasaldian maiz errepikatu den "klik" egin zion arte, Iruñean lehenik, eta, batez ere, Arabako Errioxan.
Esti Besa Villabuenakoa da, haurtzaroan, los vascos ardo bila joaten ziren batzuk ziren; 11 urte zituela, familia Gipuzkoako Aretxabaletara aldatu zen; euskararekin hiru "klik" egin ditu: lehenik, euskara euskaltegian ikasi; gero, lagunekin euskaraz egin (eta eginarazi); eta azkena, Lorentxo bikotekideak eta biek hika egitea.
Dani de Ayala guraso erdaldunek bidali zuten ikastolara; Gasteizera unibertsitatera joan zenean, hainbeste euskaldun eta euskalkirekin, Ekorakoa zela esateko eta bere euskararekin lotsaturik, lehen hiru hilabeteak isilik eman zituen. "Klik".
Idoia Marauriren gurasoak, bera jaio zelarik, euskara ikasten ari ziren, eta euskaraz hitz egiten zioten. Lehen Hezkuntzan zela eten zen etxe barruko komunikazioa euskaraz. Gaztaroan, Leioan ikasi zuen: lehen urtean pisuan Villabuenako bat eta Lizarrako beste batekin, bere euskara "berdina" zen; bigarrenean, ordea, Oñatiko bat tokatu zitzaion, ez zion ezer ulertzen, eta egun batean zera bota zion: "Mesedez hitz egin polikiago". Eta ezpainak irakurtzen saiatu zen. "Klik".
Edurne Azkareteren familia erdia euskalduna eta erdia erdalduna izaki, aldi berean ikasi zituen biak; Marauri moduan, pasatu zuen bere ukazio aroa, eta euskaraz bizitzen urtean aste bat besterik ez zuen ematen: bertso udalekuetan. Nahi gabe ere ligatu zuen umetan, deus ulertu gabe denari bai erantzuten zion lapurtar batekin. Txantxak alde batera utzita, joan-etorri asko izan ditu euskararekin azken "klika" izan zuen arte.
Denek aitortu dute behin euskaraz hasiz gero, belarria berehala egin zitzaiela euskalki ezberdinetara.
Dena den, denek aitortu dute behin euskaraz hasiz gero, belarria berehala egin zitzaiela euskalki ezberdinetara ere, eta, gainera, besteek beraiek gaztelaniaz entzutean, are barre handiagoak egiten dituztela duten azentuagatik.
Arabako Errioxako izaera
Esti Besa Iruñean 13 urtez bizi eta euskara irakasten jardun zen; Arabako Errioxan zailago egin zitzaion euskararen aldeko borroka. Iruñean ghettoak zeuden, bakoitzak berea, eta Arabako Errioxan, herrian, zailago. Dani de Ayalak Arabako Errioxako herrien izaera bereizi du: Araba gehienean ez bezala, aski handiak dira bata bestearen beharra ez izateko, eta orduan kuadrillak herrika sortu eta harreman gutxi izaten da ondoko herrietakoekin, topaguneak izan badira ere: Guardia, Viana, Oion... Landaren aburuz, euskararen kontra-kontrako jarrerak leundu dira, baina hor dirau euskararekiko errezeloak, inoiz botikan edo Olentzerorekin edo udaletxean.
Azkaratek gertatu den aldaketaren erakusle Bendimia Eguna jarri du adibide gisa: Maialen Lujanbiok euskara hutsean bota zuen pregoia bertsotan. Ez zen egunik errazena: batzuk ardoa saltzera, beste batzuk mozkortzera, guraso batzuk beren umeak saskia eraman behar zutelako asalduraz... Jendeak oso ondo hartu zuen, andre zaharrek, Lujanbiorekin hunkiturik, opari pila bat egin zizkioten, Errepublika sasoian ikasitako euskarazko kantu bat kantatu eta, "no he entendido nada, pero me he emocionado muchisimo!" zioten. Eztabaidak ere badira De Ayalaren etxean: "Ondo, baina plazan ginen gehienok ez diogu ulertu!" edo "Ados, aita, berak bertso bat bota du, eta bertsoak euskaraz botatzen ditu, zenbat aldiz izan da pregoia erdara hutsean?", eta jarraian, "Egia, bai! Bada, orduan urte pila bat beharko ditugu erdara hutsean izan direnak berdintzeko!".
Denak bat datoz, Arabako Errioxan herrien arteko distantziengatik-eta euren arteko sareak jostearen garrantziaz.
Azken koxka, Azkaratek jarri du: Arabako Errioxan beste leku batzuetan dagoen antolatzeko eta borrokatzeko grina badago edo apalagoa da? Herriz herri eta belaunaldiz belaunaldi aldeak daude, baina Maraurik aipatu ditu azken urteetako Lurrikara eta gaztetxea, edo fracking-aren kontrako borroka, ikasle eguna, Korrika alternatiboa. Errazen festak antolatzeko elkartu ohi dira. Landak eta Besak diote beraiek etorri zirenean baino saltsa gehiago dagoela egun. Denak bat datoz, Arabako Errioxan herrien arteko distantziengatik-eta euren arteko sareak jostearen garrantziaz.
Euskara ikastea, atzo eta gaur
Azken bi hauek gogorarazi dute garai batean "gozatu" zela hitza, eta gaur egun "esfortzua" entzuten dela, lana, titulua... garaiak aldatu dira. Ikastolan euskara ezagutu dutenek ez dute hizkuntzara heldutan euren gogoz salto egin, ikastolan ikasi bai, baina erabili ez. Azkaratek dioen gisan, aurreko belaunaldiak euskara errebeldiarekin lotu zuen, baina beraiei euskara diziplina eskatzen zien irakasle baten aldetik etorri zaie, fitxak egin bai, baina kultura gutxi, eta euskara bai baina "zertarako" bat erantsi behar zaio ikasketa horri. Gogoan ditu ikastolan erdaraz irakurritako liburuak, baina euskarazkoak? "Euskaraz motza, arina, erraza behar zuen, eta gero hain da motza, arina eta erraza, ez zaizula interesatzen; zergatik dakit Cien cañones por banda eta ez Mendian gora haritza", hausnartu du. Irakasle aldaketa asko ere izaten dira, batzuk oso denbora laburrez geratzen dira "erbestean", De Ayalak baditu, hala ere, garunean geratutako euskara-momentu ederrak.
Maraurik matematikekin egin du alderaketa: "Maiz matematikak ere zertarako galdetzen da eta erantzun behar zaio horri, euskara zeharka sartu behar da, emakumeen bisualizazioa zeharka sartzen saiatzen garen bezala, ez bakarrik euskara eta literatura liburu banarekin". Landak, 60 urteko euskaldun berri baten adibidea jarri du: "Nik euskara ikasi nuenean irakaslea ederra zen, maitemindu ginen euskararekin eta berarekin: musika, kultura... baina gaur egungo euskara irakasleak kabroi hutsak dira, ikasleak suspenditu egiten dituzte". "Klik" horren bila jardun beharra dago: Historia, kultura, musika, bertsolaritza, unibertsitatea...
Maraurik "klik" egin zuen DBH2n bi lagunekin euskaraz egiteko, egun erdizka betetzen dute; gero unibertsitaterako Logroño beharrean Leioa aukeratu zuen, besteak beste, bigarrenez "klik" egiteko. Azken "klika" irakurketarekin egin zuen; lehenik, Berria hasieran oso nekeza egiten zitzaion, baina behin ohitura hartuta, ederki, eta, azken aldian, literaturarekin Arabako Errioxako irakurle taldean: "Irakurtzen ere ikasi behar da, hor beste "klik" bat dago". Landak, berriz: "Azpeitian ahozko erabilera %90 izango da, baina irakurtzen ez, e! Tabernan han dago Berria, ez dakit zenbatek ukituko duen, eta liburu bat euskaraz... bueeeno!".
Dinamikak apurtzeko zailtasuna
Hizkuntza-ohiturak norbere herrian aldatzea ere ez da erraza aurrean daukazuna horrelako edo halakoren izeba-osaba, senar-emaztea edo betiko ezaguna denean. Gainera, udal-langile bat, adibidez, euskaraz jakin ez eta euskaraz joaten bazara, mindu liteke: "Berak badaki ez dakidala, zergatik etortzen zait euskaraz?". Maraurik aipatu du gaztetxean saiatu zela harreman berriekin euskaraz egiten, hizkuntza-ohitura euskaraz hasteko. Baina, kasu: ondoko herrira joan, botikan zerbait erdaraz eskatu, botikariak bira eman, eta Euskaraldiko txapa ikustea Arabako Errioxan ere #gertatzenarida. Bat datoz esatean falta dela euskaraz ikasi duen 40 urtetik beherako masa hori, irakaskuntzatik harago, euren lanbidetan euskaraz jardun daitezen planifikatzea.
Bat datoz esatean falta dela euskaraz ikasi duen 40 urtetik beherako masa hori, irakaskuntzatik harago, euren lanbidetan euskaraz jardun daitezen planifikatzea.
Apurka-apurka aldatu da egoera, baina Kuadrillan Euskara eta Berdintasun teknikariak jartzeko urte mordo bat joan eta gero, behin egonda horrekin arazoak konpondutzat ematen badira ere, "gainean egon behar" da beti kartelak elebidunez ateratzeko edo kultura euskaraz programatzeko. Andoni Landaren arabera, "administrazioak inposatu ere, pixka bat inposatu beharko luke: Ez erretzeko debekuak etorri zirenean, adibidez, ez zen sumatzen gizartea hori aldarrikatzen, gero debekatu, eta kitto, bada, ekarri monitoreak, musika taldeak, antzerkia euskaraz".
Bestalde, gazte askok ikasteko kanpora jotzen dute, eta orduan, kuadrilla batzuk desegiten dira. Azkarateren ustetan, euskaraz bizi nahi duenak, bere mea culpa eta guzti, beharbada, erakargarriagoa egiten zaio herritik ateratzea.
Periferia
"Arabako Errioxakoa eta euskaraz!", "Euskal Herrian gaude bai, hegoaldean, mugan, baina Euskal Herrian", "bai, oiondar-oiondarra eta euskaraz, eta prentsa ere euskaraz irakurtzen dut", "Bai, zu oiondarra, baina zure ama edo aita, edo aiton-amona?", "Euskaldun berri zaharra naiz"...
Euskaldun askoren begietatik at sentitzen dira oraindik ere, batuaz egiteagatik gutxietsiak. Azkaratek: "Zuk egin zure euskalkiaren alde, oso ondo iruditzen zait, baina nire borroka ez da hori, eta gustatzen zait zu entzutea, zeren nik ez daukat euskalkiaren aingura hori, gustuko hitzak itsasten zaizkit, atxiki ahal dut bat iparraldeko bat edo edonongoa, nire borroka da euskara eklektikoa. Oso interesgarria iruditzen zait garatzen ari diren periferietako euskal nortasun batzuk: asumitzen duzunean ezin zarela eredu den horretara iritsi, ez zarelako han jaio, ez zarelako euskaldun genetiko bat, gainditu behar duzu bigarren mailako euskaldun sentitzearena eta zure euskalduntasuna, nortasun hori garatu, gero gure euskalduntasuna eta berea nola elkartuko diren ikusteko dago". De Ayalak: "Historia bakarraren arriskua hor dago oraindik: euskaldunak izan dira bale harrapatzaileak edo baserritarrak, txistua edo trikitia jotzen dutenak, bada, orduan, agian, ni ez naiz euskalduna sentituko, mahastietan lan egiten duena eta gaita jotzen duena ere bada euskalduna". Landak: "Ttiki-ttakan ekimen guztiak gure filtrotik pasatu izan ditugu beti". Besak: "Euskal munduko hedabideek gure gaineko albisteak gutxitan ematen dituzte, Elcorreo-n askoz gehiagotan, baina txarrerako". ALEAri ere begi batekin keinua eta beste begiarekin bekaina altxatuta begiratu diote.
Azkenik, eskaera bat euskal mundura: "Mesedez, hona etortzen zaretenean ez egin erdaraz”.
Edurne Azkarate Sobrino, Oion (1993)
Atzerrian antzerkia ikasi eta hainbat urtez lanean ibili eta gero, Euskal Herrira itzuli zen Euskal Herriarekin lotura ez galtzearren. Euskarazko hainbat antzezlanetan eta telesaiotan parte hartu du.
Idoia Marauri Bernedo, Moreda (1996)
Lurrikara jaialdian, gaztetxean, Irakurle taldean, Asanblada feministan, Oiongo gazteak taldean, Txandrio bertso eskolan eta zientziaren dibulgazioan hasita (EKAIAn). Lanbidez ikastolako irakasle.
Andoni Landa Arozena, Nuarbe (1966)
Mugimendu asanblearioan ibilia, Iruñean unibertsitatean ikasi eta euskara taldean ibili eta gero, 1991n IKA-n sartu zen; Ttiki-ttaka elkartea sortu eta sorreratiko kide da.
Esti Besa Sanchez, Villabuena (1961)
Villabuenako Candido Besa upategia kudeatzen du Lorentxo GorroÒo bikotekidearekin batera. AEK-n euskara ikasi eta gero, Iruñean 13 urtez izan zen AEK eta IKA-ko irakasle, Arabako Errioxan ere 2010era arte.
Dani de Ayala Castaño, Ekora (1996)
Gasteizen unibertsitatera joan eta hainbat saltsetan sartu zen GEU elkartean, Hala Bedi irratian, SAED Sahararen Aldeko Errepublika Demokratikoaren lagunen elkartean; Ekoran jarraitzen du saltsetan. Irunberriko ikastolako irakasle da egun.