Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) astearte honetan argitaratu du Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailearen estatutuak aldatzeko agindua, Rioja sor-markaren barruko upeltegien edo mahastizainen irteera arautzeko; adibidez, Arabako Mahastiak sor-markara joan eta gero itzuli nahi duten kasuetan.
Zehazki, estatutuen 26. artikuluaren aldaketa —mahastien eta titularren erregistroari buruzkoa— onetsi du Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioak, Kontseilu Arautzailearen osoko bilkurak 2022ko irailaren 9an erabaki zuen bezala.
"Mahastien Erregistroan inskribatzea borondatezkoa da, baita erregistroan baja ematea ere. (...) Baja eman ondoren mahastien erregistroan berriro izena eman nahi bada, eskaera egiten denetik mahastizaintzako kanpaina oso bat igaro ondoren egin ahal izango da soilik, kontrolaren arloko beharrezko egiaztapenei erantzuteko", dio, hitzez hitz, araudi berriak.
Praktikan, inskripzio bikoitza saihesteko neurri bat da, hau da, beren mahastiak Rioja sor-markan erregistratuta dituzten upeltegiek aldi berean ABRA elkarteak bultzatutako Arabako Mahastiak sor-markarentzat ekoiztea ekiditeko edo zigortzeko.
Europako Batasunaren erabakiaren zain
Une honetan, Arabako Mahastiak proiektua etenda dago. Emilio Agillo presidente duen sor-marka arabarrak aurtengo urtarrilean sortu zuen Kontseilu Arautzaile propioa. ABRAk 2023ko uztan lehen ardoa lortzea eta 2024an saltzen hastea espero zuen, baina, apirilean, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen etiketa horrekin ardoa saltzeko Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko baimena.
Orain, pilota Europako Batasunaren teilatuan dago, bertan erabakiko baita Babestutako Jatorri Deitura (BJD) berriaren etorkizuna. Nolanahi ere, Europako Batzordeak urtarrilean iragarri zuen zuen ez zuena sor-marka onartuko Espainiako Gobernuaren oniritzirik gabe.