Arabako Mahastiak sor-markaren sustatzaileek pausu bat gehiago eman dute Arabako Errioxako ardoak zigilu propioaren menpe lehenbailehen merkaturatu ahal izateko. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, urtarrilaren 21ean eratu zuten kontseilu arautzailea, izapide hori "hurrengo urrats naturala" delako proiektu honetan.
Arabako Mahastiak-ek gogorarazi du neurri hori hartu dutela Eusko Jaurlaritzak Babes Nazional Iragankorra eman ondoren. "Behin behineko babes hori jatorri izendapen berria onartzeko eskaeraren espedienteak indarrean dauden araudiak zorrotz betetzen dituelako lortu da", gogoratu dute."Eskaeraren izapidetzea 2022ko maiatzetik dago Europan; eta dagokion batzorde teknikoak aztertuko du, EBko prozeduraren eta araudiaren arabera".
Arabako Mahastiak sor-markaren sustatzaileek azaldu dutenez, Arabako Errioxak "urte asko daramatza bereizketa argi baten alde aldarrika", eta marka berri hori "gaur egun helburu hori gauzatzeko proiektu bideragarri bakarra da".
Behin behineko zuzendaritza
Jatorri izendapenaren sustatzaileek Solar de Ayala upategiko Emilio Aguillo izendatu dute Arabako Mahastiak-en behin behineko Kontseilu Arautzailearen lehendakari, eta Hermanos Frias del Val upategiko Gabriel Frias eta Laukote upategiko Norberto Miguel lehendakariorde eta idazkari izendatu dituzte, hurrenez hurren. Marka berriarekin bat egin eta baldintzak betetzen dituzten ekoizleak eta ardogileak bilduko dituen erregistroa osatzen joan beharko da orain kontseilua; eta horretaz gain, zain dago Eusko Jaurlaritzak estatutuei argi berdea eman diezaien.
Arabako Mahastiak jatorri deituraren babesean, 2023ko uztako lehen ardoa lortzeko helburuarekin lanean ari direla adierazi dute sustatzaileek.